argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Jauregiko Museoa: ehun urte, bi egoitza, eta errezelo bat
  • Orduko, eta oraingo, museo mendebaldar ospetsuenak ez bezala, Txinako Jauregiko Museoa ez zen handik eta hemendik jaso edo erosi/ebatsitako edertasunen bilduma tematiko bat, baizik bertan jazotako historiaren goreneko lekukoa.

Mikel Aramendi 2025eko urriaren 14a
Pekineko Jauregi Museoa. Wikimedia

Ehun urte bete zituen pasa den astean. 1925eko urriaren 10ean, orduko egun nazional txinatarrean, ireki zen Pekineko Hiri Debekatuan, edonorentzat eskueran, Jauregiko Museoa. Zazpi mendez han bertan, hurrenez hurren, oparotasun imajinaezinean bizi izandako Yuan, Ming eta Qing dinastietako agintari gorenek metatutako bitxi, ondare, opari eta erlikia preziatuenak bilbatzen ziren. Eta ezinbestez, haien hautatxo bat zuen ikusgai.

Orduko, eta oraingo, museo mendebaldar ospetsuenak ez bezala, ez zen handik eta hemendik jaso edo erosi/ebatsitako edertasunen bilduma tematiko bat, baizik bertan jazotako historiaren goreneko lekukoa. Eta Txinako kulturgintza jasoenaren erakusgaia. Arte ederretakoa, historikoa, etnografikoa, literarioa...

Han jarraitzen du, Hiri Debekatuan, munduan bisitari gehien jasotzen duen museoa izanik. Baina ez da bake gozoan bizi izan ehun urte horietan. Eta gorabeherak aurreikusten zaizkio etorkizunerako ere.

1931-1949 aldiko gerrateetan, milaka kaxatan gordeta, egin behar izan zituen joan-etorrien eta nozitutako galeren ondorioa baita museoak, gaur egun, bi egoitza dituela elkarrengandik 1.700 kilometrora: ondarearen zatirik mardulena (azken hamarkada hauetan gogotik joritua) beretzen duen Hiri Debekatukoa; eta Taipeiko “Jauregiko Museo Nazionala” deitua, Chiang Kai-shek militarraren tropek, 1948-49ko erretiradan Taiwanera eramatea lortu zuten zati “txikiago” baina pieza preziatuenetako asko dituenaren hauta bat erakusgai duena.

Esan gabe doa bitasun horrek aurpegia eta gurutzea dituela. Aurpegia da zein bere hiriko ikuskizun turistiko preziatuenak direla bata nahiz bestea. Eta beren biltegietan jasota dituzten ikusgaiekin hamaika museo osatu ahalko lituzketela. Izatez, halako zerbait egina du jada Pekinekoak Hong Kongen (eraikinaz, ez dugu ezer esango). Eta beren ondarearen erakustaldiak gero eta maizago egiten dituzte munduan. Halako altxorra dutelako.

Pekinentzat aurpegia eta Taipeirentzat gurutzea da, ordea, bitasun horren sorburuan legokeen batasuna. Pekinek aukera duen bakoitzean eginbidez azpimarratzen duen “Txinaren bakuntasuna” adierazten duelako; eta Taiwango politikagintza aldebanatzen duen kontraesana biziro hauspotzen duelako.

Hala ere, batzuek zein besteek ez dute hizpidera ekartzen auziaren eratorpenik bihurriena. Isilpean bada ere, hor dagoena. Irla eta kontinentearen arteko kinka dela eta, estatubatuar burutsuren bati otu baitzaio jada Taiwanen esku dagoen Jauregiko Museoaren zatia... seguruago legokeela AEBetan. Biharko egunean, besteren bati bururatuko zaio Taiwani saldutako armen ordain txukuna izan daitekeela.

Zer gertatuko litzateke orduan?