argia.eus
INPRIMATU
Jatorri atzerritarreko EAEko biztanleek ekonomiari egiten dioten ekarpena administraziotik jasotzen dutenaren bikoitza da
  • Datuek berriz ere bistaratu dute zein faltsua den dirulaguntzetatik bizi den migratzailearen aurreiritzia. 2018an, kontsumo-terminoetan EAEko administrazio publikotik jaso zutena baino 810 milioi euro gehiagoko ekarpena egin zuten, Ikuspegik aurkeztu duen azterlanaren arabera.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Cultumetríarekin batera, 2018an jatorri atzerritarreko herritarrek BPGd-ari eginiko ekarpen ekonomikoaren eta gastuaren arteko erlazioa aztertu dute. Emaitza: administrazio publikoek 715 milioi euro bideratu zituzten eta etorkinen ekarpen ekonomikoa berriz, 1.526 milioi eurokoa izan zen. “Hau da, 2018an atzerritarren kontsumoak sortu zuen dinamismo ekonomikoak 810.380.818 euroko inpaktu positiboa izan zuen; BPGd-aren % 2,06”, dio txostenak.

Azterlana egiteko, gastu sozial publikoarekin zerikusia duten organismo ofizialek emandako informazioa aztertu dute: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Hezkuntza eta Osasun sailak, bai eta Lanbideren zati bat ere. Ekarpenaren datuak berriz, Euskadiko Familia Gastuaren Inkestatik abiatuta eskuratu dituzte –inkesta EUSTATek egiten du–, bai eta 2018ko Pobreziaren eta Desberdintasun Sozialen Inkestatik ere.

Ikuspegik 2016an eginiko azterketaren jarraipena da hau eta jendartean sarri zabaldu ohi den estereotipoa gezurtatzera dator: migratzaileak ez dira dirulaguntzen menpe bizi.