argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Jatorri atzerritarreko alkatea

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 23a
Artxiboko irudia. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Titularrak harridura piztu dio irakurleari: “Jatorri palestinarreko emakumea izango da Bermeoko alkatea”. Lehen begi kolpea gogorra izan da, tindu arrazistak bistara salto egingo balio gisa. Axola al du palestinarra izateak? Betikoa dela pentsatu du, Bermeon jaiotakoa balitz ez genukeela modu berean titulatuko.

Pausoa atzera emandakoan, “poza” akaso ez, baina lasaitu apurra suposatu dio Ziburuko Azokan entzundako iruzkin batekin gogoratzeak. Liburu-argitaletxeetako editoreekin egindako mahai-inguruan, aipatu zen euskal literaturan zein presentzia urria duten Euskal Herrian jaiotakoak ez diren idazleek, nola euskal literatura euskaraz idazten den, euskara jatorrean tindatzen den eta euskalgintzarekiko gutxieneko atxikimendu bat dutenek egin dezaketen soilik –kanpotik hautemandakoa, bederen–. Gizartea aldatzen doala aipatu zen, eta hainbat aldaketa hainbat borroken ondorio direla, emakumeen parte-hartze handiagoa kasu. Motel aurrera doan zerbait dela aipatu arren, bazterrean dirautenek bazterrean diraute oraindik.

Kargu publikoekin ere antzerako zerbait gertatzen da, nahiz instituzioek haien buruei aitortu haien funtzioa dela “herria eta herritarrak ordezkatzea”. Ordezkatzen dituzten ala ez, galdera ikur potolo batekin figura genezake; dena den, bistakoa da, kargu publikoak eta soldata potoloek jarraitzen dutela izaten zurientzat, bereziki gizonentzat, baina oro har “bertan jaiotakoentzat”. Eusko Legebiltzarrean, 75 politikarietatik ez dago inor azal zurikoa ez dena.

Jaiotzez Euskal Herriaz gaindikoak diren denak zaku berean sartzeko asmorik izan gabe, errepara datuei: 2000. urtean, Hego Euskal Herriko populazioaren %2 ere ez zen Espainiako Estatutik kanpo jaioa; 2022ko datuak hartuta, portzentajea %11 pasatxo da. Zifretan, lau lurraldetan, 250.000 herritar baino gehiago dira jaiotzetik ez dutenak Espainiako Estatuko nazionalitatea.

Immigrazioaren aurka mintzo ginen lehen, esplizituago bederen. Jabetu ginen gero norberaren etorkizuneko pentsioa ordaintzeko populazio gaztea beharko dugula, eta isildu genituen marmarrak. Normalizatzeko eta planteatzeko ditugu hainbat kontu; egungo eszena publikoa ez da gizartearen isla.