argia.eus
INPRIMATU
Jaso garabiak enpresako langileek hiru aste daramatzate greba mugagabean "hitzarmen duinaren alde"
  • Itsasondoko Jaso garabiak enpresako langileek bigarren asteazkenez jarraian manifestazioa egin dute “enpresa hitzarmen duin baten alde”. Abenduaren 1etik greba mugagabe partzialean daude, “enpresaren jarrera immobilista” salatzeko.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 22a
(Arg.: Goierriko Hitza)

“Jaso Itsasondo, hitzarmen duin baten alde” lemapean jarri ziren abian, abenduaren 14an egin bezala. Goierriko hainbat enpresatako ELA, LAB eta CCOOko delegatu sindikal ugari gerturatu ziren. Manifestazioan guztira 100 lagun inguru bildu ziren.

Enpresako zuzendaritzak ez du enpresa batzordearekin kontakturik izan, langileek azaldu dutenez, eta akordioa iritsi arte greban jarraituko dutela diote. Urtebete inguru daramatzate negoziatzen, baina elkarrizketak eten egin direla adierazi dute.

Greba mugagabeak enpresako langileen gehiengoaren babesa –%70en– izan zuen eginiko asanbladan, langile batzordeak jakinarazi duenez. Industriarako garabiak egiteaz arduratzen den enpresako zuzendaritzari “hainbat alternatiba” aurkeztu dizkiotela azaldu dute, baina jarrera immobilista batekin erantzun dutela salatu. “Zuzendaritzari tokatzen zaio mugitzea”, gehitu dute.

Jasoko langileek martxoan ere bost greba egun egin zituzten akordiorik lortu gabe. Langileek negoziatzerako orduan “eskubide sozialak hobekuntza ekonomikoen aurretik” jarri dituztela azaldu dute.

Goierri Telebistak erreportajea egin du gaiaren inguruan: