Japoniako goi-ganberaren erdia berritzeko uztailaren 20an egindako hauteskundeek berretsi eta ondu egin dituzte aurreikuspenak: Alderdi Liberal Demokratikoak eta haren ia betiereko aliatua den Komeito konfesional eskuindarrak galdu egin dute Aholkularien Batzar horretan zuten gehiengoa ere.
Dieta Nazionaleko [bi ganberako sistema] behe-ganberako gehiengoa galdua zuten jada iazko urriko hauteskunde orokorretan eta, beraz, legeak –aurrekontuenak, lehenik eta behin– aurrera ateratzeko kanpoko laguntzaileen peskizan ibili beharko dute ezbairik gabe.
Aurrekaririk gabea da kasik egoera hori Japoniako jardunbide politikoan. Baina, halaz eta guztiz ere, Shigeru Ishiba lehen ministroak ezetsi egin du dimisioa eman eta krisi politiko sakonagoa abian jartzeko aukera.
Ishibaren erabakiak ez du inor harritu, egia esan. Ez da aise amore ematen duten horietakoa eta, gainera, hondagarria ere izango litzateke une honetan herrialdearentzat, Trumpek ezarri asmo dizkion muga-zergen kontura AEBekiko negoziazio minduan murgilduta dagoenean eta jardule ekonomiko nagusiak aieneka dituenean. Alde horretatik, oposizioko indarrek ere ez du estuegi hartuko gobernu ajeatua, lehendik ere batere erosoa ez den egoera ekonomikoaren narriaduraren kulpante bezala geratu nahi ez badute.
Eta esan gabe doa ia ezeini ez zaiola interesatzen ezohiko hauteskundeak behartzen saiatzea. Ezeini ez... ez bada eskuin muturreko Sanseito populista sorberriari. Gobernu-koalizioaren eta eskuineko indar-multzoaren barruko botoen joan-etorrien irabazle garbia izan da hura, zentro-eskuineko Herritarren Alderdi Demokratikoa baino gehiago. Gertuago ditugun beste batzuen (RN, Chega, AfD, Meloni, Orban, Vox, Trump) mintzamoldea gogorarazten duen diskurtsoarekin… baina japoniar erara. Hau da, japoniar nazionalismo argi eta garbitik. Mozorrorik gabe.
Eta, jakina, aurrekariak gogoan izanda espero zitekeen berpizkunde horrek, gaurkoagoak diren hautu sozioekonomikoekin (ultraliberalismoa, konspiranoiak, txertoen aurkako jarrera) batera, errebisionismo historikoa eta geopolitikoa dakartza berekin. Duela 80 urte D. MacArthur-ek ezarri zien eta geroztik ukituak baino eman ez dizkioten Konstituzioa erabat berritzeko egitasmoa barne dela.
XX. mendeko lehen hamarkadetako giro eta mintzamolde politiko japoniarra zertxobait ezagutzen duenak kidetasunak ez ezik errepika zuzen-zuzenak aurkituko ditu Sanseitoren diskurtsoan. Eta ikusiko du nola, Mendebaldeko kideen aburuak zeharraldatzen direnean ere (“Japoniarrak, lehenik”, esaterako), aspaldiko ika-mika geopolitikoak indarberritzea dela asmoa. Hala, Japonian hutsaren hurrengoa den immigrazioaren “kalteak” turismoari esleitzen dizkio Sanseitok; alegia, ongietorriak ez diren bisitari txinatar edo korearrei. Betikoei.
Lehengo lepotik du burua japoniar nazionalismoak.