argia.eus
INPRIMATU
Bridgestoneko langileek elkarretaratzea egin dute Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean
  • Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak kaleratu nahi dituen langileek elkarretaratzea egin dute astelehen eguerdian Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Horrez gain, langile batzordeko hainbat kide Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko Lan ministroarekin ere biltzekoak dira. Langileek orain arte egindako bederatzigarren lanuzteak erabateko jarraipena izan du astelehenean.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 05
Bridgestoneko langileek egindako mobilizazioa apirilaren 8an. Geuria.eus

Aurrera jarraitzen du Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik kaleratu nahi dituen 335 langileen borroka prozesuak: astelehen eguerdian –12:00etatik 14:00etara– elkarretaratze bat egin dute Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Horrez gain, langile batzordeko hainbat kide Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko Lan ministroarekin biltzekoak dira egun berean, baita sindikatuek eta enpresak erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko duten batzordea ere.

Europa Press berri agentziari eginiko adierazpenetan, Igor Mena langile batzordeko buruak azaldu du elkarretaratzearekin euren egoera ikusarazi nahi dutela langileek, eta Japoniako multinazionalak hartutako erabakien aurka egin. Negoziazioei dagokienez, Menak adierazi du "oso urrun" daudela langile batzordeak eta enpresako zuzendaritzak dituzten ikuspegiak, eta "oso zaila" ikusten du bi aldeak akordio batera iristea.

Apirilaren hasieran eman zion multinazionalaren asmoen berri zuzendaritzak langile batzordeari: azken horri bidalitako erregulazio txostenaren arabera, Bridgestonek Basauriko plantan dituen 900 langile ingurutik 335 kaleratzeko asmoa du, hau da, herena baino gehiago, eta Puente San Miguelekoan (Kantabria) dituenetik beste 211. Enpresak zabaldutako oharrean "gurpilen Europako merkatuan izaten ari diren aldaketak" eta salmentak nahiz ekoizpena asko murriztu direla aipatuta argudiatu ditu kaleratzeak.

Lanuzteak deituta astelehenerako

Enpresaren zuzendaritzak 546 langileen kaleratzea iragarri zuen unetik, beharginek abiatutako borroka prozesuak ez du etenik izan: astelehenerako deitutako lanuzteak, orain arte egin duten bederatzigarrenak, jarraipen erabatekoa izan du langileen artean. Gainera, apirilaren 8an Urbiko lantegiaren sarreratik abiatuta egin zuten manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Enpresaren zifren arabera, 2024an salmentek %58ko jaitsiera izan zuten 2023rekiko, hau da, 841 milioi euro fakturatzetik 351 fakturatzera.

Horren aurrean, UGT sindikatuak Bridgestonen duen Raúl Lodeiro idazkariaren arabera, autobusetarako eta kamioietarako pneumatikoen ekoizpen gehiena Polonian dituen lantegietara deslokalizatu nahi du enpresak, "merkeagoa eta errentagarriagoa" baita.