argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Japoniak ikusia du jada film hori
  • Duela astebete Hagan egindako NATOren goi bilera historia handian gogoratu beharko da –batez ere egitasmoa egikaritzen bada– “BPGaren ehuneko 5aren bilkura” izan delako.

Mikel Aramendi 2025eko uztailaren 01

Eta historia txikian gomutatu beharko dugu Mark Rutte idazkari orokorrak D. Trumpen aurrean egindako belaunikaldi lotsagarriagatik, AEBen diktata irribarrez bezala irentsi duten estatu- eta gobernu-buruen koldarkeria bera zurituta uztea lortu baitu.

Bien artean geratu da Pedro Sánchezen bertso askea, aukera eta premia bat zetozkiola jabetuta edo. Baina izan du bilkurak gogoeta bat merezi duen absentzia deigarririk ere, NATO-kide osoen artekoak ez izan arren.

Izatez, hiru izan dira lehen mailako ordezkaritzarekin agertu ez diren herrialdeak; eta berehalako etorkizunerako Aliantzak jo-puntuan omen duen Asia Ekialdekoak izateak hirurak zer pentsatua eman beharko lieke gure geoestrategia ustetsuei. Hego Koreako presidente berri-berria agertu ez izana ulergarria ere bazen, berria ez ezik beste ikuskera batekoa izan delako beti ere Lee Jae Myung. Anthony Albanese lehen ministro australiarrak, eskualdeko giroa eta Trumpekiko tirabirak nola dituen ikusita erabaki bide zuen etxean geratzeko.

Baina batzuentzat ezustea izango zen Shigeru Ishiba Japoniako lehen ministroa ez agertzea eta, bere ordez, horretarako daukan Kanpo-arazoetako ministroa bidaltzea azken minutuan. Harridurak baluke funtsik, gogoan izango bagenu Ishiba, Japoniako politikagintzan, herrialdea berrarmatzearen eta AEBekiko adiskidetasunaren aitzindaria izan dela; eta, hein batean, “NATO Itsaso Barera hedatzeko” egitasmoaren aldekoenetakoa. Baina, ikusten denez, ez Trumpek jarri nahi dion BPGaren ehuneko 5eko prezio horretan.

Egitasmo horren atzetik dabilen film estatubatuarra jada ikusia duelako Japoniak. Duela 30 urtetik, zehazki. 1980ko hamarkadan Japoniaren gorakada teknologiko eta ekonomikoa zapuzteko, neurri ekonomiko latzak hartu zituzten AEBek: muga-sari handiak ezarri zizkieten Japoniako erdieroaleei eta hainbat ondasuni, debekatu egin zuen Japoniako zenbait produktu AEBetara esportatzea, eta erdieroaleen patenteak irekiarazi zizkien. Gainera, 1985eko Plaza hoteleko Akordioetan, Japoniak bere monetaren birdoitze garrantzitsu bat onartu behar izan zuen, bere gorakada ekonomiko ikusgarriari akabera eman zion ezinbestez.

Japoniak ikusia du jada film hori. Eta, bistan denez, ez du gogokoa haren akabera. Armen kontura, AEBetako ekonomiari halako dohaintza egiteko pozik daudela dioten horiek ere doan ikusi dezakete, gainera.