argia.eus
INPRIMATU
Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako
  • "Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 28a

Epe mugarik gabe, hamar orduko eraso-etenak iragarri ditu Israelek asteburuan, Gazako agintariek iragarri ostean 100.000 haur desnutrizio arrisku larrian daudela. Igandea izan dute lehen eguna, eta Nazio Batuen Erakundeko 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara, hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez. Kamioi horiexek astebetez egon dira geldirik, ez atzera eta ez aurrera, Egiptorekin mugan.

Benjamin Netanyahuk esan duenez "pausa taktikoa" izango da, baina bere arabera, "ez dago aitzakia gehiagorik" ofentsibarekin jarraitzeko: "Nazio Batuen Erakundea aitzakiak ipintzen ari da, eta Israelgo Estatuari irain egiten dio. Gezurretan ari dira, gainera. Esaten dute ez dugula laguntza humanitariorik sartzen uzten, eta gezurra da. Begira, zeuen begiekin ikus dezakezue". Horrez gainera, ofentsiba indartzeko asmoa duela ere eman du ulertzera: "Borrokan jarraituko dugu gure gerra helburuak lortu arte, garaipen osoa lortu arte".