Gogor salatu du erabakia Bake Bideak: “Nola justifikatu 30 urte baino gehiago espetxean daramatzan eta baldintzapeko askatasuna lortzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituen pertsona bat preso mantentzea?”.
Nahiz eta Pariseko zigor aplikaziorako epaitegiak baldintzapeko askatasuna onartu dion ia 70 urte dituen Jakes Esnali, oraingoan ere ez da gauzatuko, auzitegi antiterroristak zuzenean dei egin duelako. Bake Bideak gaineratu du auzitegi antiterroristak bi aldiz ukatu diola jada kirol irteera bat zaintzapean.
“Apirilaren 8an, hiru urte bete ziren ETA desarmatu zenetik, Bakegileek bultzaturik eta Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren bultzadarekin. Ez genuen 2017ko apirilaren 8a egin presoak kartzelan hil daitezen! Ezin dugu hil arteko kondena hori onartu”, salatu dute.
Auzitegi antiterroristaren “jazarpena” eta bake prozesuaren kontra egiteko dagoen “blokeo egoera” ere kritikatu dute. Ildo horretan, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriekin bukatzeko eskatu dute.
EH Bai: “Ezin dugu arduragabekeria hori onartu”
Prokuradoreak Esnal askatzearen kontra hartutako erabakia kritikatu du baita ere EH Baik: "Fermuki salatzen dugu terrorismoaren kontrako fiskaltza nazionalaren jarrera. Sistematikoki,euskal presoen baldintzapeko askatasunen aurka posizionatzen da. Egintza horren bidez, Euskal Herria iraganean eta bake prozesua logika mendekatzailean kateatzeko borondatea adierazten du. Ezin dugu arduragabekeria hori onartu! Bake prozesuaren garapenari buruzko adostasun politikoa inoiz baino sendoagoa da Euskal Herrian. Bake justu eta iraunkorra lortzeko asmo horrek Euskal Herriko mugak gainditzen ditu”.