argia.eus
INPRIMATU
Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu
  • Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak salatu duenez, eta eguerdi aldera askatu "ezer ez akusatu gabe".

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko azaroaren 28a
Etxexuria etxearen salmenta espekulatiboa salatzeko ekintza. Ostia

Berria egunkariak eman du atxilotutako bi pertsonen izenen berri. Dagerre eta Bortairu kide diren Ostia sareak oharra bidali du, atxiloketak "omen" urtarrileko ekintzaren ondorioa direla azalduta. Hazparneko Puyo etxe-agentzia okupatu zuten orduan, agentziak Etxexuria etxearen salmentan bitartekari lana egin zuela salatzeko, "2017an 250.000 euro erosia eta 1.600.000 eurotan salgai emana". Okupazioa "baketsu eta sinbolikoa" izan zen Ostiaren esanetan, baina agentziak salaketa jarri zuen. Orduz geroztik, Jendarmeriara bost lagun deituak izan dira, Aiherrako auzapeza barne, eta azken konbokazioekin miaketak egin izan dituzte.

Atxilotuak aske uztea eskatu dute Ostia sareak eta Arberoa eta Etxebizitza Kolektiboak, Poliziaren "larderia" metodoak salatzearekin batera. "Militanteen eta Euskal Herrian gure bizi-baldintzekin kezkatuak diren pertsonen errepresioa berehala gelditu behar da", adierazi dute. Dagerre eta Bortairu EH Baiko kide ere badira, eta alderdiak X sarean salatu ditu "neurrigabeko" atxiloketak: "Aski da! Euskal Herria fase berri batean sartua dagoen honetan, iraganeko eskemen arabera jokatzen segitzen du Parisek. Euskal herritarren aurkako errepresioa erabiltzeari utzi behar dio behingoz Frantziako Estatuak". Prokuradoreak edo Poliziak ez dute atxiloketen zergatien azalpenik eman.

Eguerdian utzi dituzte aske

Eguerdian Ostia sareak zabaldu du mezua Dagerre eta Bortairu aske utzi dituztela jakinarazteko. Azaldu duenez ez diete akusazio zehatzik jakinarazi atxilotuei, eta "prozedurak" aurrera jarraitzen du. "Zurrunbilo errepresiboa" azpimarratu du Ostiak: "Salatu behar da egiteko modu gogorra eta onartezina: gaur goizean 6:00tan sartu dira [atxilotuen etxera], atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz. Etxeko miaketa egin eta eraman dituzte bi kideak PSIG-eko jendarmeek".