Urtarrilaren 26an hamaikagarren larunbatez bilduko dira jaka horiz jantzitako herritarrak Frantziako estatu osoko biribilgune, hipermerkatuetako parkin eta autopistetako peajeetan agintari neoliberalen –zehazkiago Emmanuel Macron lehendakariaren– politiken kontra protesta egitera. Lorena eskualdeko Commercy herrikoek Hexagono guztiko Jaka Horiei egin diete dei, beren herrian biltzeko "batzarren batzarra" osatu eta aurrera begirako bideak marrazteko.
Commercyko (Meuse departamendua, Nancy hiritik ez urrun) biribilgune bat okupatzen duen Jaka Hori talde txiki batek egin zuen deia duela aste batzuk, sare sozialetan asko ikusi den bideo batean. Honela hasten dute beren deialdia: "Jaka Hori guztiei. Oraindik jaka horia jantzi ez duten baina sabelean gure haserre bera sentitzen duten guztiei. Asteak dira okupatzen ditugula biribilguneak, etxolak, plaza publikoak, errepideak eta elkarrizketa guztietan denen ahotan gaudela. Eutsi egiten diogu! Aspaldi honetan borroka bat ez zen izan hain jarraitua, hain lagundua, hain adore emailea!".
Commercyko jaka horiak pozik daude agintariak dardarka ikusi dituztelako beren jauregietan, ogi-apur batzuk eskaintzen hasi zaizkietelako, baina aldi berean Jaka Horiak ez direlako erori etsaia saiatu den zatiketaren zepoan: "Ulertu dugu gure benetako etsaiak direla beren aberastasun izugarriak partekatzen ez dituzten horiek: Frantziako 500 pertsona aberatsenek 2008ko finantz krisitik hona hirukoiztu egin dituzte beren aberastasunak, 650.000 milioi eurotaraino iritsi arte! Onartezina da".