Alardea egin eta hilabetera argitaratu duen oharrean, Jaizkibel konpainiak erakunde publikoei egotzi die “legeak ez betetzeko bermea” eman izana alarde baztertzailea antolatzen duen elkarteari. Konpainia parekideak adierazi du “elkarbizitzaren garaia amaitzen ari dela eta eskubideen garaia” hasteko estrategia landu beharra dagoela. Alarde egunean gertatutako bi eraso salatu dituzte, bata kapitainari eta bestea konpainiako beste kide bati eta haren lagunei.
Konpainiak salatu duenez, Nora Ferreira kapitainari eraso egin zioten bere etxeko atarian alarde eguna baino lehenago. Irailaren 8an, alarde egunean, konpainiako kide batek eta haren lagunek “eraso fisikoak eta hitzezkoak” jaso zituzten.
Balorazio oharrean, konpainia parekideko partaideen jarreraz “harro” daudela azaldu dute, eta aldiz, erakunde publikoekiko haserrea adierazi dute. Alardea antolatzen duen HAOSE elkartearen jarduna legitimatzea egotzi diete Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Hondarribiko Udalari.
Hondarribiko Udalari dagokionez, Jaizkibel konpainiari “sinestezinak” iruditu zaizkio Igor Enparan alkatearen adierazpenak. Alkateak, jaiak bukatutakoan, “bizikidetzaren aldeko pausoak” eman zirela aitortu zuen. Alarde egunean, ordea, espazio publikoaren erabilera arautzeko alkate-dekretuaren arabera, desfileen aurretik Gernikako Arbolan bat egin behar zuten Jaizkibelek eta konpainia baztertzaileek, eta Jaizkibelek salatu du konpainietako partaide oso gutxi gerturatu zirela.
Alarde bezperan, aurreskua dantzatzeko unean gertatutakoa ere ekarri du gogora konpainiak. Jaizkibelek lehenengo aldiz ofizialki hartu zuen parte ekitaldian eta konpainia baztertzaileak udal korporazioari planto egin zion eta ez zuen parte hartu. Jaizkibel konpainiak gaineratu du “espazioei eta batasun guneei uko egitea ez dela tentsioa arintzea, hautsa alfonbraren azpian gordetzeak etxea garbitzen ez duen moduan”.
Salaketak salaketa, Jaizkibel konpainiak iragarri du “konponbiderako orria berriz ere marrazteko lanean” jarriko dela. Estrategia partekatuak diseinatu eta eragileekin hitz egiten jarraitzeko prest dagoela esan du.