argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel konpainiak helegitea aurkeztuko du alardearen ibilbidea aldatzearen aurka
  • Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuen Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren [mistoa] ibilbidea aldatzeko agindua. Hondarribiko konpainia misto eta parekide bakarrak, atzo arratsaldean bertan eman zuen prentsaurrekoa, eta Herrizaingo Sailaren erabakiari helegitea jarriko diotela jakinarazi zuten. Bien bitartean, Emakundek Herrizaingo Sailaren erabakia onartu du.

2011ko irailaren 01
Jaizkibel konpainiak atzo emandako prentsaurrekoa

Konpainiarentzat erabakia "onartezina" da, atzerapausoa, eta atzo egindako prentsaurrekoan helegitea jartzeko arrazoi nagusiak azaldu zituzten, hiru puntutan laburbilduz:

- "Alardea eta beraz bere ibilbidea hondarribitar guztion ondare direlako, ez inoren jabego pribatua eta, gauzak horrela, guk ere Alardean parte hartzeko eskubidea dugulako."

- "Adierazteko konponbidera daraman bidea ez dela burutu, baina norabide horretan aurrera egiteko prest gaudela."

- "Errespetuan oinarritutako elkarbizitza lortu nahi dugulako, azken batean liskarraren bukaera ekarriko duten elkarrizketa guneak bilatu nahi ditugulako. Elkarbizitza delako gure helburua, tirabirarik eza."

Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak erabakia hartzeko dituen arrazoiak azaldu zituen. Adierazi zuen "doikuntza puntualak" soilik egin dituztela "segurtasuna bermatzeko". Gaineratu zuenez,  "aldaketek ez diete Jaizkibel konpainiari soilik eragiten, Alarde Tradizionalean parte hartzen duten konpainiei ere eragiten diete".

Emakundek Aresen arrazoiak onartu ditu

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak Berria egunkarian egindako adierazpenetan hala esan du. "Herrizaingo Sailetik argibideak jaso ditugu. Azaldu digute segurtasun arrazoiengatik egin dituztela moldaketak, eta Jaizkibel konpainiari ez ezik, alarde tradizionalari ere eragiten diotela. Alarde tradizionaleko konpainiak, adibidez, 15 minutu beranduago irtengo dira arratsaldean".