argia.eus
INPRIMATU
Jaitsi Twitterretik zure txio guztiak
  • Twitterrek norberak idatzitako mezu guztiak jaisteko aukera ematen du. Artxibo hori nola jaitsi azaldu du Asier Sarasuak bere Eibartik blogean. Lizentzia libreei esker ondoren irakurgai daukazue.

Asier Sarasua @asarasua 2013ko otsailaren 25a
Asier Sarasuaren artxiboa, berak argitaratu duenez.

Twitterrek abenduan iragarri zuen aukera hori, baina bakarrik erabiltzaile batzuentzat. Nik gaur probatu ahal izan dut eta bikaina da.

Bai, Twitterrek Gabonen bezperan iragarri zuen bere feature berri hori: zure txio guztien fitxategia deskargatzeko aukera. Hala ere, Sustatun ondo azaldu zuten moduan, hasiera batean erabiltzaile gutxi batzuek bakarrik izango zuten aukera hori.

Gabonetan saiatu nintzen, baina oraindik ez neukan aukera hori aktibatuta. Atzo berriro saiatu nintzen (Microsiervosen aipu honek gogoa berpiztuta) eta ekilikuaNire txio zahar guztien bilduma mahai-gainean daukat.

Oraindik ere ingelesezko konfigurazioa dutenei bakarrik azaltzen zaie, baina erraza da:

1- Ezarpenetarako joan

2- Hizkuntza aldatu eta Twitter ingelesez jarri.

3- Ezarpenen orrian bertan aukera berria azalduko zaizu behe-behean: Your Twitter archive

4- Bertan klik egin eta handik gutxira (nire kasuan minutu bat ere ez) zure artxibo osoa jasoko duzu postontzian, ZIP formatuan.

5- Hortik aurrera berriro itzuli zaitezke Twitterreko euskarazko interfazera.

Hortik aurrera, ZIPa deskonprimitu, eta orain arte idatzi dituzun txio guztiak zure esku izango dituzu. Gainera, HTML orrialde bat ere bidaltzen dizute eta horri esker zure txio (eta bertxio) guztietan nabigatzeko aukera izango duzu:hilabeteka, #traolaren arabera, bilaketak eginez, eta abar. Eta jatorrizko txio hartarako lotura ere erabilgarri izango duzu. Bikain!

Berez, onena litzateke hori guztiori sarean izatea, Twitterren bertan eta beti eguneratuta, baina tira, hori heltzen den bitartean, gutxienez hortxe izango dugu gure historial guztia gure mahai-gainean.

Irakurri testua Sarasuaren blogean bertan.