argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?
Leire Artola Arin 2025eko uztailaren 07a
Euskalerria irratia

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten ahalegina. Herriko festak denontzat eremu seguru bilakatzeko esfortzu handia egiten dute, mugimendu feministak bultzatuta. Baina askotan korrontearen aurka igeri egitea bezalakoa da. Indarkeria oinarri duen jendarte matxista, arrazista eta LGTBfobo honen kontrolik gabeko muturrak azaleratzen dira parranda giroan, eta protokolo feministek egoera kudeatzen laguntzen badute ere, gizonen ardura-hartzerik gabe jai dugu.

Uler dezagun zer den ardura hartzea, edo gutxienez zer ez den. Ardura hartzea da, adibidez, erasorik ez egitea, gizon zishetero zuri gisa espazioa nola okupatzen duzun ikustea, desberdintzea ligatzea eta astuna izatea, zure komentarioek edo presentzia hutsak non molestatzen duen identifikatzea, zure anaien eraso fisiko zein ahozkoen konplize ez izatea. Mugimendu feministaren urteetako lanari esker gizon batzuk hasi dira ohartzen ezin dutela lehen bezala jokatu, baina askotan ez dute ulertzen nola jokatu behar duten. Ez, ardura hartzea ez da erasoa egin duen laguna baztertzea, alabari edo arrebari paternalismoz kontuz ibiltzeko esatea, zure lagun emakumeekin ligatzen ari den gizonari kontuak eskatzea –emakume horiek zeureak balira bezala–, eraso bat ikusi eta gizona jipoituz erantzutea edota Poliziari deitzea –erasoa jasan dutenen nahiak zein diren galdetu ere egin gabe–. Ez, hori ez da ardura hartzea, aitzitik, hori ere indarkeria da, emakumeak edo zapaldutako gorputz horiek berriro ere zapaltzen dituzulako. Ulertzen?

Aurten ere sanfermin bezperetan Iruñeko kaleak hartu dituzte Iruñerriko feministek, eta argi utzi dute indarkeria matxista orori erantzuteko antolatuta daudela: “Autodefentsa feministaz erantzungo dugu”. Manifestazio zaratatsuan, matxiruloei esan diete parranda amaitu zaiela, eta gogorarazi dute Poliziak ez dituela zaintzen, baizik eta lagunek. Iruñerriko mugimendu feministak emakumeei dei egin die espazio publikoak okupatzera: “Kalea, gaua, gureak dira”. Halere, ez da hain erraza emakumeok tokia egitea plaza publikoetan, festa ereduak ez baitu laguntzen. Uztailaren 6ko txupinazoko irudiak ikustea besterik ez dago; ez da kasualitatea gizonezkoen masa zuri-gorri itogarrian hain emakume gutxi egotea.

Festen inguruan alarmismoa eta beldurraren kultura sustatzeak ere ez du laguntzen emakumeak kalera lasai ateratzen. “Hedabideek erasoen zenbaketa hutsa egiteak elikatu dezake emakumeen edo beste identitate batzuen etsipen eta larritasun sentsazioa, eta ez dakar gizonen interpelaziorik”, azpimarratu ziguten indarkeria matxistari buruzko LARRUNeko 306 zenbakiko mahaikideek.

Guk autodefentsa feminista dugu babesgune, baina, jaiak denonak izan daitezen, gizonek hartu behar duzue ardura, eta pauso bat atzera egin. Gu ez gara etxean geratuko.