argia.eus
INPRIMATU
“Jai polita Tolosan” [Kontzertu kritika]
  • Fitxa: Tolosako Orfeoia. Concerto Orkestra. Zuzendaria: Igancio Ruiz de Alegria. Tolosako Eskolania. Zuzendaria: Jose Ramon Arteta. Bakarlariak: Mayca Teba (sopranoa), Marifé Nogales (kontraltoa), Iker Casares (tenorra), eta Jose Bernardo Alvarez (baxua). Egitarua: Mozarten Koroatze Meza, eta gabonetako kantak. Lekua: Tolosako Leidor Antzokia. Data: Abenduaren 17a.

2011ko abenduaren 27a
Mayca Teba sopranoa.

Orain dela hamahiru urte sortutako Tolosako Orfeoiak bere bidea jarraitzen du, sendo eta irmo. Talde honek egiten duen emanaldi bakoitzean begi bistan gelditzen da aurrera doala ikuspuntu guztietatik. Gero eta errotuagoa dago herrian, ikusten baita publikoak maite duela bere abesbatza; kalitate musikalaren aldetik ere aurrerapauso nabarmenak egiten ari dira, eta gero eta erronka garrantzitsuagoak asumitzen dituzte (orain dela gutxi, adibidez, Bruselan eman zuten kontzertu inportante bat).

Joan den larunbatean urteroko gabonetako kontzertua eskaini zuten, eta, aurreko aldietan bezala, topaketa atsegin eta kalitatezkoa suertatu zen. Horrez gain, lagunarteko giroa lortzen dute entzuleekin, eta, ondorioz, emanaldi ia magikoa izan zen.

Egitarauaren lehenengo zatian Mozarten Koroatze Meza, orkestra, abesbatza eta bakarlarientzako obra interpretatu zuten, taxuz. Abesbatza afinazioz eta doitasunez aritu zen uneoro. Concerto Orkestrak, Ruiz de Alegríaren zuzendaritzapean, jakin zuen ahotsak ongi azpimarratzen, eta bakarlariak primeran aritu ziren. Marifé Nogales kontraltoak bere ahots koloretsua luzitu zuen. Mayca Teba soprano sevillarrak bersatilitate izugarria erakutsi zuen eta bai Iker Casares tenorrak, bai Jose Bernardo Alvarez baxuak ahots ederra eta emisio sendoa eskaini zuten.

Saioaren bi zatien artean, Tolosako Eskolaniaren txanda izan zen. Joan den urtean sortutatko umeen abesbatzak, Jose Ramon Artetaren batutapean, frogatu zuen zein lan polita egin daitekeen umeekin, jakiten bada (Artetak dakien bezala) haurrengandik koalitate musikalak ateratzen. Lau gabon kanta abestu zuten, fin-finak.

Eta azkenik, berriz ere Tolosako Orfeoiak, Concerto Orkestrarekin batera, eguberrietako kanta famatu sorta bat interpretatu zuen. Nogales eta Teba bakarlariek beren onena eman zuten, Orfeoiak bezala. Zorionak!!