Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere, eragile eta Udal gehiagoren inplikazioa lortuz.
"Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko" asmoz, iaz abiatutako bide berdinari eutsiko dio aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Beste urte batez abian jarri dute Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika, eta erronka berria jarri diote haien buruei: ekimena modu eraginkorragoan inplementatzea eta eragile gehiagoren inplikazioa lortzea.
Esperientziatik ikasiz
Urduñako Udaleko Euskara Sailak azken urteetan abian jarritako esperientzia du oinarri orain eskualde osora zabaldu den dinamika. Iaz egin zuen Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak egitasmoaren aurkezpen publikoa, Arespalditzan, Aiarako Jaien bezperan. Bertan izan ziren dinamikarekin bat egin zuten Laudioko, Urduñako, Orozkoko, Arrankudiaga-Zolloko, Aiarako eta Artziniegako ordezkariak. Azken urtean hainbat eragilek ere bat egin dute egitasmoarekin, Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko batzordeak eta Txosnaguneak, esaterako.
Aurten, eragile eta Udalen zerrenda hori handitzea du helburu Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamikak. Honezkero badira egitasmoarekin bat egin duten entitate berriak, Laudioko Suziri Jai Koordinakundea, esaterako.
Hizkuntza paisaia
Jaietako hizkuntza paisaia zaintzea eta bertan eragitea du xede Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren dinamikak. "Aldarrikapenetik harago, kontzientziak astindu eta euskarazko eskaintza indartzea da asmoa". Horrela azaldu zuten kontseiluko kideek iragan apirilaren 9an udal ordezkari eta eragileekin egindako formazio saioan.
Horretarako hainbat baliabide diseinatu eta sortuko dituzte, jaietako ekosistema osatzen duten espazio eta eragileei egokituak.
Alde batetik, kanpainako euskarri orokorrak sortuko dituzte, euskararen erabileraren aldeko lelo eta aldarriek festaren erdigunea har dezaten. Pankarta erraldoiak, itsasgarriak, edalontzi berrerabilgarriak, puxikak... Orotariko euskarriak baliatuz lehen hitza (eta gainerakoak ere) euskaraz egiteko gonbita luzatuko diete jaiez gozatzera bertaratuko diren herritarrei.
Jaietako ekitaldi guztietan esatari euskaldunen presentzia bermatzeko neurriak ere ezarriko ditu kontseiluak Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak kanpainaren barruan. "Hizkuntza eskubideez ari gara. Ezinbestekoa da, gutxienez, esataria elebiduna izatea eta beti ere euskarari lehentasuna ematea", adierazi dute Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariek. Kanpainarekin bat datozen udalei dagokie baldintza hori betetzea, eta posible ez denean elkarteei laguntza eta baliabideak eskaintzea.
Hizkuntza irizpideak
Jaietako eremu nagusi diren txosnagune eta tabernetan hizkuntza eskubideak errespetatzeko asmoz, hizkuntza irizpideak barnebildu dituzte kanpainaren barruan. Horretarako, bete beharreko hizkuntza irizpideak jasotzen dituen txostena helaraziko diete Udalek txosna jartzen duten eragile eta elkarteei.
Besteak beste, txosnaguneko txanda guztietan pertsona elebidunen bat egotea eskatuko dute, baita hizkuntza paisaia osatzen duten elementuak euskaraz egotea ere. Musikari ere eskainiko diote arreta, euskarazko musikaren presentzia %65ekoa izatea bermatuz txosnen ordutegi guztian.
Modu berean ostalari eta tabernariak ere interpelatuko ditu kanpainak, establezimendu horietan ere hizkuntza irizpideak bete eta euskal hiztunen eskubideak errespeta daitezen.