Esan Pitrau eta txapela erantziko dizu askok Zuberoan bezala Nafarroa Beherean edo Lapurdiko mendialdean. Johañe Pitrau Erbin, XX. mendeko euskaldun inportanteenetako bat dela esatea ez da esajerazioa: hiru mende lehenago Bernard Goihenetxe Matalaz deituak Zuberoako jendeak aginte zentralaren aurka armatan jaikiarazi zituen gisan, Pitrauk mendialdeko nekazariak engaiarazi, konprometituarazi, zituen beren etorkizunaren alde borrokatzeko jakintza, eskuzabaltasuna eta autoeraketa astinduz armatzat.
Antolatzen ari zen Europa osoan bezala etorkizuna industriaren eta hiritartzearen gainean oinarritu nahi zuen Frantzia hartan, 1950-1960 hamarkadetan, nekazariak ziren progresoari sakrifikatu beharreko jendeak; eta hauen artean hutsaren hurrengo utziak ziren eskualde menditsuetakoak. Ziutateak eta usinak haragi beroz hornitzeko, baserriek hustu behar zuten estraina, bertan heriotzaren zain zaharrak abandonatuta, beranduago eremu haiei turistei paisaia liluragarritzat saltzeko. Ez zen Johañe Pitrau Erbin izango mugitu lehen nekazaria, are gutxiago bakarra. Baina marka berezia utzi zuen laborari menditarren bizimodua duintasunez tratatua izan zedin borrokatu ziren ehunka milintateen artean. Sasoi betean hil zela laster 35 urte eta zuberotar haren irudia ez da lausotu.
- Artikulu osoa hainbat formatutan irakurtzeko: LARRUN (162. zenbakia)