argia.eus
INPRIMATU
Jada ziur gaude herritarrok ez dugula hori bozkatu

Eneko Egibar Artola @enekoegibar 2024ko apirilaren 25a

27 + 27 = 54

Ziur gaude hori ez dela euskaldunen herria behingoz euskalduntzeko bidea? Ez dela Ertzaintza euskalduntzeko bidea?

Ziur gaude kolaborazio horrek ez duela Euskal Herria osoa ekonomia sozialaren bidean ipintzen lagunduko?

Ziur gaude kolaborazio horrek ezin ditzakeela lan harremanetan bide berriak landu eta ireki?

Ziur gaude politikagintzan eredu berriei ezin diezazkiola elkarlan horrek ateak ireki?

Ziur gaude elkarlan horrek ezin duela euskaldunok bizi garen bi estatuei (Espainiakoari gehien bat, kasu honetan), proposamen eta ideia berriak proposatu naziotasunen aferan beraiek ere asma dezaten.

Ziur gaude kolaborazio horrek ezin dituela elikadura burujabetzaren aldeko pausoak praktikan ipini.

Agian, konfrontazioan oinarritutako politika eta eredu zaharkituak atzean uzteko unea iritsi da eta politika berriak sortzekoa da egungo momentua

Ziur bide berri horiek irekitzea ez dela erraza izango, ziur. Aldaketak, benetakoak direnean, ez baitira inoiz errazak izan, baina egungo politikak aldaketak eskatzen ditu, sakonak, gainera. Eta, politikan aldaketa ez da lehendakaria edo politikari batzuk aldatzea, ondoren,  politikan guztiak berdin jarrai dezan. Aldaketak arriskuak hartzea eskatzen du, eta, agian, oraingoa momentu egokia da arrisku horiek hartzeko eta politika eta eredu berriei ateak irekitzeko. Eta, agian, konfrontazioan oinarritutako politika eta eredu zaharkituak atzean uzteko unea iritsi da eta politika berriak sortzekoa da egungo momentua.

Nik apirilaren 21eko emaitzekin horixe ulertu nuen. Aldaketa ate joka dago, baina orain arteko politikak eta datorrenak finkatu beharko dituzte elkarlanean euskal politikaren oinarri berriak. Ez dezagun berriro helburu horretan akats egin.

Eneko Egibar Artola, politologoa