Gizonezkoen artean biktima gehiago eragin omen ditu COVID-19aren pandemiak, baina albo kalteetako batzuk behintzat emakumezkoek pairatuko dituzte gehiago. Etxean gelditu beharrak mundu akademikoko emakumeen errutina baldintzatu du adibidez, eta lehen lanari eskaintzen zizkioten orduak seme-alaben eta etxearen zaintzarekin partekatu behar dituzte orain.
Beren etorkizun akademikoa kolokan ikusi dute mundu akademikoan titulartasuna lortzeko bidean dauden zenbait emakumek. Lanpostua lortzeko bidean artikuluak kaleratu behar dituztela dakite, eta beren postu berdinetan dauden gizonezko askorentzat konfinamendua produktibitaterako aitzakia bada ere, ez da hori emakumezkoen kasua.
AEBetan horrek eragin duen panoramaren berri eman du The Lily hedabideak –XIX. mendean emakumeek emakumeentzat idatzi zuten lehen egunkariaren izena hartu du medio digital honek–. Lanaldia moztu beharrean aurkitu dira herrialde hartako emakume asko, eta beraiengandik esperotako lan hori ez betetzeko beldur dira. Zenbait ikerketa-esparrutan, astrofisikan adibidez, emakumeen ekarpenak asko gutxitu dira. Eta beste zenbait esparrutako aldizkari espezializatuen editoreek aldaketa gutxi izan dela dioten arren, gizonezkoek, kasu batzuetan, %50ean handitu dute beraien produktibitatea.
Aurretik ere ikusten zen zerbaiten baieztapena da: alor akademikoan ari diren emakume askok urtebeteko etena hartu ohi dute, erditu eta gero gorputzari eta buruari atsedenaldi bat emateko. Gizonezkoek horrelakorik egiten dutenean ere, ordea, ez dute emaitza bera ematen. Ebidentziak erakutsi du gizonezkoek emakumezkoek baino askoz lan gehiago aurreratzen dutela urtebeteko etenaldien kasuan, eta horrek biologiarekin ere badu zerikusia. Izan ere, emakumeak bularra ematea erabakitzen badu horrek denbora asko hartzen du; eta haurdunaldia eta gero fisikoki indarberritzeko denbora ere behar izaten dute.
Errepresentazio bila
Mundu akademikoa aski maskulinoa da, eta errepresentazioa eskuratzeko zama hori ere nabaritzen dute zenbait emakumek. Asko kezkatuta daude konfinamenduaren ostean postu akademikoak lortzeko emango diren prozesuekin. Izan ere, jakin badakite erakutsi dezaketen publikazio-zerrendak pisu handia duela postua izendatzerakoan, eta denbora tarte berean emakume eta gizonezkoen arteko ekoizpena hain desberdina izatea beren aurkako faktorea izango dela diote.
Beldur dira, baita ere, beren lankideek beren egoera ulertuko ez ote duten. Konfinatuta pasatako denbora kontzentrazio eta ikasketarako oso baliagarri bezala ulertu dezaketela dakite, eta denbora tarte horretan ezer egin ez dutenaren sentsazioa zabalduko den beldur dira The Lilyrekin hitz egin duten ikerlariak.