argia.eus
INPRIMATU
Izokinak ugaltzeko bidea egiten ari dira Nafarroan
  • 1775. urtea baino lehen Urdazuri ibaian eraikitako presa bat bota dute Lapurdin, eta horri esker bizirauteko aproposagoak diren lekuetara iristen ari dira izokinak.

     

2024ko martxoaren 12a

Presa bat eraisten denean bertan pilatuta geratzen diren sedimentuak askatzen dira. “Hasieran kaotikoa dirudi legarra eta zuhaitzak erortzen direlako, baina prozesu natural bat da, eta bizitza ematen dio errekari”, azaldu du Jose Ardaiz Nafarroako Gobernuko Ibaien arduradunak. Urdazuri ibaian Lapurdin eraikitako presa bat bota dute, eta horri esker, izokinak orain arte iritsi ez diren Nafarroako lekuetara iritsi dira.

Oztopoa kenduta izokinek eta beste espezie batzuek erruteko leku “hobeak” aurkitzeko aukera izanen dute: “Aurre egin ahal izango diote emari baxuko ibaiei eta tenperaturen gorakadei, eta ur hotzagoetara eta oxigeno gehiago dutenera iritsi daitezke”. Albistea ona da bereziki izokinentzat azken urteetan nabarmen jaitsi delako kopurua. Horregatik, Nafarroan debekatuta dago izokina arrantzatzea 2023an eta 2024ean. Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian.

Bost metroko altuera zuenez arrain guztientzat ezinezkoa zen presa gainditzea, eta gutxi batzuk ziren oztopoa gainditzea lortzen zutenak. Open Rivers proiektu europarrak eta arrantzale federazio batek bultzatuta eraitsi dute. 2023. urteko udan izan zen, eta abendurako dozena erdi izokin iritsi ziren Nafarroara arrautzak errutera, lehenengo aldiz erregistroak daudenetik.

Urdazuri ibaia Dantxarinean (Nafarroa) sortzen da, Otsondo eta Orabidea errekak elkartuta, eta Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Ziburu (Lapurdi) artean itsasoratzen da. Lapurdi eta Nafarroa arteko mugan zegoen presa, eta kontsumorako ez den ura biltzen zuen. Ez dago argi noiz eraiki zuten, baina 1775. urtea baino lehenago sortu zen. XX. mende hasierara arte irin errota batek erabiltzen zuen. Ostean, harri birrintzaile bat elikatzen zuen.