argia.eus
INPRIMATU
Izokin-arrantzaren historia eta gorabeherak azalduko dituzte Donostian
  • Euskal Herriko ibai eta itsasadarretan galzorian den arrain espeziearen inguruko hitzaldia eskainiko dute Josu Narbarte arkeologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak asteartean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Iraganean izokinak izan zuen garrantzia sozio-ekonomikoa eta historia ikertu, eta Larrun gehigarrian argitaratu zituzten ikerketaren emaitzak.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 19a
Izokin-arrantzarako azpiegiturak Aturrin (argazkia: Wikimedia)

Izokinaren inguruko hitzaldia eskainiko dute irailaren 20an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Josu Narbarte arkeologoak eta Iñaki-Sanz biologoak, Zazpi mendetako gatazkak izokin-arrantzaren inguruan izenburupean. Hitzaldia KMK-k eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako historialarien elkarteak antolatu dute, "Gipuzkoako historiaren pasarte ezezagunak" zikloaren baitan.

Izokinaren eta haren arrantzaren gorabehera historikoak eta iraganean arrain espezie horrek izan zuen garrantzia sozio-ekonomikoa nabarmendu dituzte Sanz-Azkuek eta Narbartek ikerketa horretan, mendetan barrena gatazka ugari ekarri izan ditu "baliabide" bizidun horren ustiaketak. Bere bizitza-ziklo bereziari egokituriko arrantza-teknikak erabiliz harrapatu izan zuten herritarrek, eta gaur egun gure itsasadar eta ibaietatik kasik desagertuta dago.

Ikerketa horren emaitzak ARGIAren Larrun gehigarrian argitaratu zituzten pasa den urteko urrian, eta natur ondarearen nahiz bioaniztasunaren ikuspegitik ez ezik, Euskal Herrian ondare historiko bezala ere kontserbatu beharreko espeziea dela ondorioztatzen dute bertan ikerlariek: "Izokinari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu soilik Euskal Herriko ibai batzuetan aurki daitekeen eta 'interes bereziko' espezie moduan katalogatuta dagoen arrain bati buruz hitz egiten. Euskal gizartean eraman duen bideak eta utzi duen aztarnak, berez dira garrantzitsuak izokina kudeatzeko garaian, duen garrantzi historikoagatik ere zaindu behar izateko. Izokina, arrain forma duen ondarea ere badelako".

Hitzaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da eta streaming bidez ikusteko aukera ere izango da.