argia.eus
INPRIMATU
Frantsesez soilik idatzitako 100 seinale kendu eta Parisera bidali ditu Aitzinak
  • Aitzina gazte antolakundeak Ipar Euskal Herriko herri eta hirietatik frantsesezko izena daramaten 100 seinale kendu eta Parisera bidali ditu. Uztailaren 14ko Frantziako Errepublikaren jai nazionalaren harira burutu dute ekintza, “ospatzeko ezer ez” dutela erakusteko.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 15
Ekimenarekin bere lehen kanpaina politikoari amaiera eman dio gazte antolakundeak (Arg.:aitzina.eu)

Gazte antolakundeak zabaldu duen oharraren arabera, ekimenaren helburua Frantziako Estatuak “euskal eremuarekiko eta euskal gizartearekiko duen jarrera zapaltzailea salatzea” izan da. “Hizkuntza eta kulturak galzorian ezarri dituen estatuaren aldarria” egiten den egunean, Baionatik Maulerako herrien izenak argitara eraman nahi izan dituzte.

Hizkuntza frantsesa “asimilaziorako tresna eraginkor gisa” inposatzearen bidez, nortasun bakarra sortzea nahi duela adierazi dute, “Bretainia, Okzitania, Korsika, Kanakia edo Euskal Herriaren izena eta izana deuseztatuz”.

Estatu frantsesak hizkuntza gutxituak ukatzeko jarrerarekin jarraitzen duela salatu dute gazteek. Uztaritzeko Herriko Etxearen prefetak emandako erantzuna edo Lurralde elkargoaren inguruko kontsentsuan izandako portaera horren erakusgarri direla adierazi dute.

Aitzinak ondorengo bideoan jaso du burututako ekintza: