argia.eus
INPRIMATU
Izazpi eta Irimoko zentral eolikoen aurka alegazioak aurkeztuko dituzte
  • Capital Energy enpresak bi zentral eoliko egin nahi ditu Gipuzkoa erdialdean, Oleta-Izazpi  mendietan bata (Buruzai proiektua) eta Irimon bestea (Trekutz). Proiektu horien aurkako eragileek herri-alegazioak aurkeztuko dituzte.

     

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko urtarrilaren 17a
LPSari alegazioa egiteko sinadura eskatzen duten zenbait taldetako kideak, iazko udan / Oletan ere Ez!

Zentral eolikoen aurkako alegazioak (proiektu bakoitzarentzat dokumentu bana) jasotzeko epea urtarrilaren 28ean amaituko da, eta 30ean aurkeztuko dira ofizialki. Eragileek alegazio horiek sinatzera deitu dituzte herritarrak.

Buruzai proiektuaren aurkako alegazioak hamabi puntu ditu, eta Trekutzen aurkakoak zazpi. Besteak beste, proiektuok Oleta-Izazpi eta Irimo-Meaka mendilerroen industrializazioa eta ingurumen-inpaktu handia eragingo lukete (200 metroko aerosorgailuak, 4.340 metro karratuko plataforma, hainbat kilometroko pistak...); landa-eremua eta herrigune txikienak despopulatzea eta pobretzea eragingo luke; zentralak sortuko lituzkeen lanpostuek ez liokete ekarpen ekonomiko esanguratsurik egingo eskualdeari; paisaiaren inpaktua oso larria izango litzateke; neurri handi batean, erabilera publikoa duten herri-lur hauek “de facto” pribatizatuko lirateke; kontuan hartu beharko litzateke zentral fotovoltaikoak eta eolikoak instalatzeko eskaera ugari egin direla, energia “berriztagarrien” burbuila eragin baitezake (Espainiako Estatuan 2030erako helburua 60GW energia berriztagarri instalatzea zen, eta gaur egun 82GW daude instalatuta); Buruzaiko proiektuak talka egiten du erabat Gipuzkoako 2050 Energia Jasangarritasun Estrategiarekin (Aldundiak 2021 urtean onartutako estrategia horrek energia berriztagarriak tokiko autokontsumorako sorkuntza sakabanatu eta deszentralizatuaren bidez garatzea aurreikusten du).

Meaka-Irimo herri plataformak publikatutako bideoa Trekutz proiektuaz:

Abokatuaren kontratazioa, kolektiboki

Urretxu eta Zumarragako UZ Bizi plataformak deituta, Irimoko eta Izazpiko zentral eolikoen aurkako bilera egingo dute gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 18:30ean hasita. Zentzu horretan, Oletan ere ez! plataformak ere bilera deitu zuen pasa den astelehenean Azkoitian, egoeraren berri eman eta aurrera begirakoez hitz egiteko.

"Alegazioak ganoraz egiteko denbora behar denez eta instituzioen aldetik aurrerapenik ikusi ez dugunez, Oletan ere ez! eta Sañu bizirik taldeek Anaitasuna (Azkoitia), Lagun Onak (Azpeitia) eta Ostadar (Urretxu-Zumarraga) mendizale elkarteen laguntzarekin abokatua guk geuk kontratatzeko erabakia hartu dugu", zioen Oletan ere ez! plataformak, hilaren 12an Maxixatzen-en plazaratutako oharrean. "Erabaki zaila izan da diru kopuru izugarriari aurre egin beharko diogulako. Herritar guztion inplikazio eta kolaborazioa ezinbestekoak izango dira zor horri aurre egiteko. Hala ere, itxaropentsu gaude. Enpresa energetikoen interes ekonomikoek gure mendiak mehatxupean jarri dituzte, baina ziur gaude herriak aurre egingo diela".