argia.eus
INPRIMATU
Izaskun Rekalde hil da, Pantailak Euskaraz mugimenduaren ahotsa
  • 45 urte zituela hil da, gaitz larri baten ondorioz. Azkeneko bi urteetan Pantailak Euskaraz mugimenduaren bozeramaile eta lehendakari izan da, euskarazko ikus-entzunezkoen beharra aldarrikatzen.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 15a
Izaskun Rekalde eta Alex Aginaga, Argia saria jasotzen (Dani Blanco)

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea zen Rekalde, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua izateaz gain. Europako Trebakuntza (Coaching) Eskolan ere ikasi zuen, eta 2019an doktoretza sari berezia jaso zuen eremu horrekin lotuta egin zuen tesiagatik. Trebakuntzan egin zuen lan irakaskuntzan zein bankuetan, eta azken urteetan lanbide heziketan eta Euskal Herriko Unibertsitatean aritu zen irakasle gisa.

Urtzi Urkizuk Berria-n gogoratu duenez, euskalgintzan lan handia egin zuen. Galdakaoko eta Usansoloko (Bizkaia) Binke aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. Hedabideko zuzendari Jon Gomez Garaik adierazi du aldizkaria Rekalderen lanari esker sortu zela, eta bere heriotzak “hutsune ikaragarria" utzi duela. Galdakaok eta Usansolok euskarazko hedabideak edukitzea Rekalderi egotzi dio Binkek.

Euskara erdigunean

Euskarazko ikus-entzunezkoen alde aritu da azken bi urteetan, Pantailak Euskaraz mugimenduaren bozeramaile gisa, Alex Aginagalderekin batera. Urkizuk jaso ditu Aginagalderen hitzak: “Gure lantaldeko zutabe nagusietako bat izan da. Oso zaila izango da utzi duen hutsunea betetzea”. Mugimendu honen izenean hainbat sari jaso ditu Rekaldek: Rikardo Arregi komunikazio sarian finalista; kanpainarik onenaren Argia saria; edo Hau Pittu Hau Bilboko konpartsaren Euskara saria. Euskal ekoizpenen eta bikoizketen garrantzia aldarrikatu zituen azken sari hori jasotzean, euskara erdigunean jarriz hurrengo belaunaldiek euskarazko ereduak eduki ditzaten.