Ekainaren 13an irten da Burlatako presoa Reauko espetxetik, eta Espainiaratu dute jada. Ia hamar urte zeramatzan preso.
Baldintzapeko askatasuna eman diote Izaskun Lesaka Arguelles euskal presoari. Parisko Apelazio Auzitegiak hartu zuen Lesaka espetxetik ateratzeko erabakia martxoan, baina Frantziako Fiskaltzak helegitea jarri zuen; halere, Auzitegiak berretsi egin zuen erabakia maiatzean.
Frantziako Reauko kartzelan zeramatzan bederatzi urte eta zortzi hilabete, eta handik atera eta Espainiaratu ostean, Barajaseko aireportuan utzi dute aske. 2012ko urrian atxilotu zuten, eta ETAko kide izatea leporatuta espetxeratu. Auzitegiak Lesaka libre utzi erabakitzerakoan kontuan izan zuen hura atxilotu zutenean ETAk bertan behera utzita zuela jarduera armatua.