Izaskun Abaigar Etxerateko Arabako koordinatzailea da eta astelehenaz geroztik Bruselan da elkarteko ordezkaritza batekin. Pozik da egin dieten harrerarekin eta ondo hartu dituztela adierazi digu.
Zein helbururekin joan zarete Bruserala?
Espainia eta Frantzia Legebiltzar honetako kide dira eta giza eskubideen aldeko hainbat itunen sinatzaile ere bai. Horregatik, gure testigantza zuzena ekarri nahi dugu Bruselara eta bertan salatu bizi dugun eskubideen urraketa.
Nolako harrera izaten ari zarete?
Harrera ona. Euskal Herrian gure egoeraren berri eman eta berau salatzeko konplexua dugu hainbatetan, baina gu eskertuak gaude hemen izan dugun harrerarekin. Gure egoeraren berri eman diegu hainbat parlamentari eta ordezkariri, txostenak ekarri dizkiegu eta haiek jakin minez ikusi ditugu, gurekin lan egiteko prest.
Ba al dute lehenagotik euskal preso eta senideen egoeraren berri?
Beste batzuetan ere egon gara Bruselan senideak eta askok jadanik badute euskal presoen egoeraren berri. Arazoa nola garatu den interesatzen zaie eta zein den orain presoen egoera. Egoerak bere horretan dirauela erantzuten diegu, eta hainbatetan okerrago. 25 urte dira sakabanaketari ekin zitzaiola eta batzuek ondo ezagutzen dute gaia. Hemen badira euskal preso politikoen ordezkariak bisitatzea eskatzen duten flamenkoak, baina ez diete horretarako baimenik ematen.
Posible ikusten duzue Europako Legebiltzarrean sakabanaketaren aurkako ekimenik aurkeztea?
Hazia landatzera etorri gara orain eta ekimen parlamentariorik egiten bada beste urrats batean izan beharko da. Orain borondateak neurtzen dira, nor dagoen zerbait egiteko prest, batzorderen bat sor litekeen… Baina uste dugu posible izango dela zerbait egitea, ikusi beharko da zein formarekin, adierazpen bat, testu bat eta atxikimendu bilketa…
Izan duzue oztoporik bidaian eta elkarrizketetan.
Oraingoz ez. Batzuetan Estatuko ordezkariak saiatu izan dira gure lana oztopatzen, baina oraingoz kolore guztietako ordezkariekin bildu ahal izan dugu.