Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna; gehien-gehienon gustuko dira. Halakoak ez ditugu soilik buru gainean ordea, itsas hondoan ere egon badaudelako. Batzuk heriotzerako bidean, su bero, itzaltzeko gertu diren poxpolo bailiran; besteak, aldiz, ur epel edo hotzetan, hondartzetarako bidean. Zeruan nahiz itsasoan, biak ala biak, izarren hautsa.
TALDEA: Ekinodermoa/ Forcipulatida ordena /Mathasterias generoa.
NEURRIA: 25-30 cm arteko diametroa.
NON BIZI DA? Itsasertzetik hurbil, 200 metroko sakoneraraino.
ERNALKETA SEXUALA ETA ASEXUALA: Asexuala birsorkuntza eta klonazio bidez egiten du. Espezie dioikoa izanik, bi sexuak banatuak dituena, ernalketa sexuala planktoniko bitartez egiten du.
NERBIOA BAI, GARUNIK EZ: Nerbio sistema erdiko diskoan dagoen eraztun batek eta hortik besoetara ateratzen diren bost nerbio kordek osatzen dute.
BABES MAILA: Ez dago babestua.
Itsas izarrak animalia ekinodermatuak dira, itsas triku, holoturia eta luma-mototsekin batera taldekatzen direnak. Haien simetria erradialak eta hainbat puntako gorputzak zerura begira jartzen gaitu. Talde honek biltzen dituen 1.500 espezie ingururen artean, ia denak itsas hondoetako harkaitz eta hondar guneetan mugitzen dira, eta gutxi batzuk hondarpean ere bai. Bost beso izaten dituzte gehienek (“pentameroak”), baina badira gehiago dituzten espezieak (adibidez, “eguzki izar” deiturikoak, 7-20 besodunak).
Gure kostaldean itsas izarren bat aurkitu eta ezagutu nahi izanez gero, Zumaiako Flysh-era edo Urdaibaiko biosfera bezalako txokoetara gerturatu besterik ez dugu. Besteak beste, gurean ohikoena dena han inguruan topatuko baitugu: itsas izar arantzaduna. Itsas izarren artean nahiko handia den espezie honek (80 cm izatera heldu daiteke), erdiguneko diskoa txikia du eta bertatik aterako dira bost beso lirain eta arantzatsu. Beso bakoitzak kono itxurako arantza zurizko hiru lerro ditu gainazalean eta hauen tontorrean puntu more edo horia, naturaren gutizia txiki moduan. Arantza bakoitzak, inguratzen duen pedizelarioen koroa bat du, besoa garbi mantentzeaz arduratzen diren luzakinen sorta. Arantzen baso horretan topatuko ditugu uzkia eta “plaka madreporitikoa”; azken hau, uraren iragazketa kontrolatzen duen karezko egitura da eta arnasketa aparatuaren ardatza, ura iragaziz, behar duen oxigenoa lortzeko. Arantzaz jositako gainazal latzaren azpian, erdiko disko txikitik bost lorratz-lerrok ematen die “hanka anbulakral” txikiz beteriko launa ilarei babesa. Eta hanka hauek dira, hain zuzen ere, itsas izarren “pauso” motel baina sendoen arduradunak. Mugimendu moteleko animalia den arren, jatun amorratua da, harraparia eta sarraskijalea. Harrapakinak belakiak, anemonak, koralen polipoak, beste ekinodermo batzuk (itsas trikuak, barraskiloak), bibalboak, krustazeoak, harrak nahiz arrainak dira.
Itsas izar arantzadunaren kolorea alez ale alda daiteke, gris-berdexka edo marroia gehienetan. Itsas izar gazteen kolorea apalagoa izan ohi da, eta sakonera handiagotan bizi diren helduena, aldiz, biziagoa. Beso bakoitzaren muturrean orban arrosa bat ageri da, funtzio sentsoriala betetzen duena, azpiko substratua ezagutzeko.
Ezaguna da itsas izarren birsortzeko gaitasuna. Animalia hau estresatzen denean, bere hanka bat edo batzuk askatuko ditu. Ez kezkatu, berriro haziko dira! Hala, ohikoa da aleak hiruzpalau beso handi eta beste bat edo bi txikirekin ikustea –galdu dituenak hazten ari direlako–. Pairatutako erasoren batean disko zentralaren zati bat galduz gero ere, hura birsortzeko gai da. Beso bakarra eta erdiko diskoaren bostena nahikoa ditu bertatik izar osoa birsortzeko. Gainera, asexualki ere erreproduzitzeko gai da, erdiko diskoa zatituta edo beso osoak askatuta, eta hala gainerako zatiak birsortuta.
Itsas izarrak itsas ekosistemaren osasunaren adierazgarri dira; beraz, baldintza egokiak izateari uzten diotenean, desagertu edo lekuz mugituko dira. Zeruko izarrek hantxe jarraituko dute gu ez gaudenean. Itsas izarrek ziurrenik ere bai, duten erresistentziari erreparatuz gero. Baina adin bat dugunok ongi gogoratzen dugu zenbat ikusten genituen inguruko harroketan gaztetan; eta zenbat ikusi ditzakegun gaur egun. Ez ditzagun bada itsas azpikoak itzaldu. Izarren hautsa bizigai; itsasoan, ere bai.