argia.eus
INPRIMATU
‘Izan Media’ tailerrak, urrats sendo bat herri mugimendua ahalduntzeko bidean
  • Ikasturtero bezala, giro ezinhobean antolatu zituen Hala Bedik Izan Media herri komunikazio tailerrak pasa den larunbatean, urtarrilaren 19an, Oihaneder Euskararen Etxean.

Hala Bedi @halabedi 2019ko urtarrilaren 22a
Argazkia: @halabedi

35 bat pertsonak parte hartu zuten aurtengo edizioko tailer ezberdinetan: bideogintzan, kartelgintzan, irratigintzan zein prentsa eta sare sozialetan ahalduntzeko helburuarekin. Bideogintza tailerreko ikasleek beraiek egindako bideo honetan, eguneko irudiak bildu ditugu.

Eta orain zer?

Orain, herri mugimenduetan zein Hala Bedin bertan ikasitakoa praktikara eramateko ordua da tailerretan parte hartu zuten lagunentzat.

Horretarako aukera ederra izan daiteke Hala Bedin parte hartzea eta proiektu honen parte izatea. Tailerrean parte hartu dutenek formakuntza minimo bat jaso zuten larunbatean, baina Oihaneder Euskararen Etxera hurbiltzeko aukera izan ez zenutenok ere parez pare dituzue ateak zabalik, eta beharrezko formakuntza minimoa irratian eskaintzeko prest gaude.

Harremanetan jartzeko: harremanak.halabedi@gmail.com

Albiste hau Halabedi irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.