argia.eus
INPRIMATU
“Izan ditudan medikuen jarrera txarrarengatik ez daukat konfiantzarik”
  • Urte batetik bestera bi mediku izan ditu Amaia Martinek, bien “profesionaltasunik eza” salatu ditu: “Medikuak esan zidan ez zegoela arreta psikologikorik”.

Olaia L. Garaialde 2022ko azaroaren 25

Azken urteetan osasun etxean izandako esperientzia txarrak kontatu ditu Amaia Martinezek; antsietateaz, akneaz eta dermatitisaz mintzatu da besteak beste. Ez du benetako izena eman nahi ez duelako nahi lanean eragitea: “Oso intimoa da, eta osasun mentala oso estigmatizatuta dago”. Azken urtean bi mediku izan ditu, eta bien “jarrera txarra” eta “profesionaltasun eza” salatu ditu: “Ez da nirekin bakarrik gertatu; oso orokortua dagoen egoera bat da”. Ondorioz, geroz eta gutxiago doa medikuarenera: “Izan ditudan medikuen jarrera txarrarengatik ez daukat konfiantzarik, eta uste dut ez didala lagunduko”.

Aurpegian eta bizkarrean aknea zeukanez minarengatik eta estetikarengatik medikuarenera joatea erabaki zuen. Buenavista osasun etxean artatu zuten, Portugaleten (Bizkaia). Ez zen erabaki erraza izan, tratamendua “oso bortitza” zelako gorputzarentzat; hala ere, aurrera egitea erabaki zuen. Egun horretan jasotako harrera “oso txarra” izan zela salatu du: “Lehenago ere ikusita nituen jarrera batzuk ez zirenak oso onak”. Medikuak aurpegiko aknea ikusi zuenean, gutxiago zeukanez ez zion garrantzirik eman, baina bizkarrean gehiago zuenez beste erreakzio bat izan zuen: “‘Zer desatsegina’, esan zuen praktiketan zegoen beste medikuaren aurrean”.

Martinezentzat lan handia izan da medikuarenera joateko erabakia hartzea, eta norberaren egoeraren eta autoestimuaren arabera “min handia” egin dezakeela uste du: “Nik nahiko onartuta neukan egoera, baina pentsa doala norbait laguntza eske edo kostatzen zaiona lehen urrats hori ematea; horrelako erantzun bat jasotzen badu zer gertatuko da?”.

Hortaz, medikuz aldatzea erabaki zuen. Aldaketa egin ahal izateko aurrez aurre egin behar da, eta gutxienez sei hilabetez egon behar zara mediku horrekin. “Aldaketa eskatu nuenean esan zidaten mediku bakarra geratzen zela; hortaz, horrekin hasi nintzen ez zegoelako beste aukerarik”.

"Medikuak esan zidan ez zegoela arreta psikologikorik, eta gazteei esaten diela osasun mentaleko kontuetarako pribatura joateko"

Mediku berriarekin izandako lehengo hitzordua “txarra” izan zela kontatu du: “Harremana zeukaten hiru arazo kontatu nizkion, eta bere erantzunak harritu ninduen. ‘Izan dadila laburra jende asko daukagulako’, esan zidan”. Azpimarratu du bere jarrera ez zela enpatikoa izan. Hala ere, artatzeko eskatu zion: “Esaten nizkion gauza guztietarako aitzakia edo justifikazioa zeukan; esaten zuen alergia daukadala alergikoa naizelako eta dermatitisa daukadala gorputzaren erreakzio bat delako. Gainera, ez zidan jarraibiderik eman”.

Begietan eta buruan dermatitisa dauka eta farmazian erositako xaboia erabiltzen hasi da Martinez; medikuari horren berri eman, eta aholkuak eskatu zizkion, baina ez zuen gomendiorik jaso: “Esan zidan bost axola diola non erosten dudan xaboia, eta ez zidan esan egokia zen edo beste aukerarik zegoen”.

Horrez gain, antsietatea daukanez laguntza psikologikoa eskatu zuen sistema publikoan artatzeko: “Medikuak esan zidan ez zegoela arreta psikologikorik, eta gazteei esaten diela osasun mentaleko kontuetarako pribatura joateko”. Erantzunaren ondorioz harrituta eta blokeatu geratu zen: “Hori ez da erantzun egoki bat, ez daki zein den nire egoera ekonomikoa eta zein baliabide ditudan”. Esku hutsik joan zen etxera.