argia.eus
INPRIMATU
IU-Podemos akordioa: “Atsegin dut planak ondo ateratzea”
  • Espainiako hauteskundeetara bat eginda aurkeztuko dira bi alderdiak, euren oinarriek akordioa babesten badute.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 10

Pablo Iglesias Podemos alderdiko buruak A ekipoa telesaileko John Smith koronelaren esaldi mitikoarekin eman zuen astelehen arratsaldean akordioaren berri Twitterrez: “Atsegin dut planak ondo ateratzea”. Izquierda Unida eta Podemosen arteko aliantzak euren jarraitzaileen artean sortu duen ikusmin handia bertxio bidez neurtu daiteke nahi bada: Iglesiasenak ia lau mila ordu gutxian.

Bi alderdiek adostu dute euren ordezkaritza 6:1 izango dela, hau da, Podemosen sei hautagaiko IUko bat joango dela. Hautagaien kopuruaz gain, gutxieneko programa, irudia eta izena, eta baliabide ekonomikoen banaketa ere zein izango diren hitzartu dute.

Espainiako ezkerraren hegemonia lortzeaz gain, PSOE gainditu eta PPri hauteskundeak irabazteko “gehiengo soziala berreskuratzea” da aliantzaren helburuetako bat, prentsa ohar bateratuan azaldu dutenez. Bai Pablo Iglesiasek eta bai Alberto Garzón IUko idazkari nagusiak “historikotzat” jo dute akordioa, horren erakusgarri astelehen ilunabarrean haren berri emateko modua: duela bost urte M-15en ernamuina izan zen Madrilgo Sol plazan besarkada baten bidez.

 

Akordioa IU eta Podemosen oinarriek babestu behar dute orain; astearte eta asteazkenean egingo dute barne galdeketa. Bestalde, aliantza horretan Equo ere joango da; azkeneko hauteskundeetan Podemosekin batera aurkeztu zen alderdi ekologista.