argia.eus
INPRIMATU
Itzali sistema, piztu alternatibak
  • Energia eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorraren aldeko manifestu kolektiboa.

Erika Martínez Lizarraga Iker Garaialde Etxaburu 2025eko maiatzaren 21

Bost segundo aski izan ziren Hego Euskal Herria ia bere osotasunean argindarrik gabe eta inkomunikatuta geratzeko. 2025eko apirilaren 28a, 12:32 eman berritan konturatu ginen, berriz ere, zeinen mendeko eta zaurgarriak garen. Bide batez, pobrezia energetikoa edo arrakala digitala egunerokoan pairatzen duten horien azalean jarri ginen ordu luze horietan.

Oraindik arrazoi teknikoak argitzeke dauden arren, oso nabarmenak dira itzalaldiak eragindako ondorioak eta agerian utzitako hutsuneak. Kalte ekonomiko handiak izan ziren milioika pertsona, etxe, merkatari eta industriarentzat. Inoiz baino konektatuago bizi garen honetan, inoiz baino menpekoagoak gara, eta multinazionalen esku dago gure beharrizanak asetzeko gaitasuna.

Gogoratzea komeni da energia edo internet oinarrizkoak diren giza eskubideak direla eta hezkuntzan edo osasungintzan ez bezala, tamalez, erabat barneratuta dugula enpresa pribatuen bidez zerbitzuok jasotzea. Beharrezkoa ikusten dugu azpiegitura kritikoak noren esku dauden eta nola funtzionatzen duten agerian utzi eta eztabaida irekitzea.

Egungo eredua ezbaian   

Hau ez da izan arazo puntual bat, irabaziak maximizatu beste helbururik ez duen sistemak eragindako akatsa baizik. Etekin ekonomikoa jendartearen eta planetaren gainetik jarri izanak ondorio latzak ditu; batzuk epe motzekoak eta kolpeka datozenak; beste batzuen kasuan, aldiz, epe luzera sumatuko ditugu ondorioak.

REDEIA enpresa taldea da egun sistema elektrikoaren kudeatzaile teknikoa, hau da, Red Electricaren bitartez, energia nola eta noiz banatzen den erabakitzen duena. Horrez gain, talde bereko REINTELek zuntz optiko ilunaren sarea kudeatzen du, besteak beste. Talde horren jabetza publikoa (akzioen bitartez) %20koa da soilik, gainontzekoa Amancio Ortega edo BlackRock bezalako inbertsio funtsen esku dago.

Argi dugu energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki behar dugula, interkonektatutako –baina, aldi berean, deszentralizatuagoak diren– eredu iraunkorragoak sustatuta

Horien azpitik, marka eta publizitate kanpaina handien jabe diren banatzaileak ditugu, hainbat kolore eta forma ezagunekin, baina funtsean, merkatu librearen izenean kontsumo basatia sustatzen duten kilowatt- eta gigabyte-lasterketa beraren jokalariak. Banatzaileen oligopolio horren atzean, “inbertsio minimoa-etekin handiena” logika da irabazle, eta horrela, sare hiperzentralizatua elikatzen da eta kolapsoa saihesteko sistema ahulak mantentzen dira.

Horrez gain, itzalaldia aprobetxatuz, sektore erreakzionarioak eztabaida zahar bezain kutsakorra zabaltzen ari dira, energia berriztagarriak ahuldu eta nuklearra, gasa edo ikatza hauspotzeko, besteak beste. Klima larrialdiaren negazionismoaren gainetik datu objektiboak daude. Munduko beste herrialde batzuetan antzeko itzalaldiak izan direnean, aintzat hartu behar ditugu bide onean emandako urratsak:

    • Hego Australian, adibidez, istripua gertatu eta zortzi urtera, berriztagarrien mix-a bikoiztu egin dute, eta 2027rako %100era helduko dira.
    • Texas estatuan lau urte besterik ez zuten behar izan ahalmena eta biltegiratzea bikoizteko, berriztagarrien ezarpenean AEBetako lidergoa hartuz.    

Herri alternatibak

Argi dugu energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki behar dugula, interkonektatutako –baina, aldi berean, deszentralizatuagoak diren– eredu iraunkorragoak sustatuta. Administrazioetatik azpiegitura zein banaketa publikoa bermatzen ez den bitartean, enpresa egitura, kooperatiba eta sare komunitarioak sortu eta babestu behar ditugu.

Baliabideak kolektibizatzea da gaur egun dugun aukera, boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin eta erabilera arduratsua zein iraunkorra bultzatzea ahalbidetu dadin. Horrela, erabaki eta esku-hartze ahalmena zabaltzen dugu, eta antolakuntza eredu gardenago eta demokratikoagoak sortu.

Horretarako herritarren parte hartzea eta indarra beharrezkoak dira, egunerokotasunean baliatzen ditugun zerbitzuak ikuspegi kritikoarekin aztertu eta kontsumo ohiturak eraldatzeko. Norberarengandik hasten da herri mailako alternatiba eraikitzen. Bakoitzak bere esku du energia eta telekomunikazioen euskal sarea piztea.

Instituzioei deia egiten diegu mendekotasuna gainditzeko burujabetza eta jasangarritasuna oinarri duten neurri eta politika aktiboak sustatzeko. Herritarrok, gizarte eragileok, erakunde publikoek eta kooperatibook elkarrekin egin behar dugu bidea, trantsizio ekosoziala helburu, alternatiba sendoak eraiki eta beste itzalaldi baten arriskua eragozteko, bide batez.

Pandemia edo hondamendi klimatikoetan gertatu bezala, apirilaren 28an ere elkartasuna loratu zen gure kaleetan. Zaurgarri sentitzen garenean kolektibora jotzen dugu geure burua babesteko, irtenbideak bilatu, baliabideak partekatu eta sortzeko. Komunitatearen potentzialaz jabetu eta indar hori baliatu beharko genuke egiturazko eraldaketak erdiesteko. Eta zu, alternatibak pizteko prest zaude?

Erika Martínez Lizarraga, Goienerreko lehendakaria
Iker Garaialde Etxaburu, Izarkomeko zuzendaria