argia.eus
INPRIMATU
Itzalaldia
  • Ez dakit itzalaldiak itsutu gaituen edo itsu gaudelako itzali garen. Edozein kasutan, itzalaldia ez da gaur hasi eta bukatu den gertaera histerikoa –barkatu, historikoa–. Aspaldian hasi zela uste dut eta, zoritxarrez, ez zen San Prudentzio egunean amaitu.

Josebe Blanco Alvarez 2025eko maiatzaren 05

Itzalaldia hasi zen mendebaldeko jendarte kapitalistak mundua eta bere biztanle guztiak bere zerbitzura zeudela erabaki zuenean. Lurra eta bere biztanle guztiak kristalaren bestaldean utzi zituenean. Bere egoaren gose infinitua mundu finituaz asetzeari ekin zionean. Hortik aurrera dena etorri da jarraian, ezarian-ezarian.

Itzalaldia ez da bat-batekoa izan, on-etik off-erako tartean bada ibilbidea, azkarrago ala motelago egin daiteke distantzia hori ere. Non dago, ordea, inflexio puntua, non uzten dio bideak itzulgarria izateari?

Itzalalditik hurbilago zaude zure janariari aurpegirik jartzen ez badiozu, eta eskuak irudikatu ere egiten ez badituzu. Aitzurraren kolpea lurrean sentitu ez baduzu eta landareak eguzkitan bizitzekotan lurrean sortzen duen iraultzak esperantzaren zirrararik sortzen ez badizu. Hurbil zaude jan duzun okela zatia animalia baten mapa fisikoan kokatzen ez baduzu. Mapa hori bere osotasunean hartu eta platerera eramateko bidezidorra ibili ezean. Batzuk eta besteak prestatzea arrotza bazaizu. Sua pizteko behar diren lehengaien jabe ez bazara. Sua piztu ezinda geratuz gero.

Itzalalditik hurbilago zaude zeure gorputza eta bihotza arrotza zaizkizunean, ez ulertzeraino. Hurbil, errespetatzen eta maitatzen ez dituzuenean. Gaitz txiki horietarako sendabiderik ezagutzen ez baduzu. Bide onean jar zaitzakeenaren begietan lasaitasuna edan ezean. Erremedioak pribilejioak direnean. Haiek prestatzen ez badakizu.

Itzalalditik hurbilago zaude paperean letrek idazten dituzten unibertsoak hutsalak begitantzen zaizkizunean. Paperari lizun usain ustela hartzen diozunean eta irudien pixelen dantzak gogoa arrastaka bahitzen dizunean. Baita liburua edo egunkaria irekitze hutsa antigoalekoa dela pentsatu duzunean ere.

Itzalalditik hurbilago zaude helmugara heltzeko behar duzun orientatzeko sena lo duzunean eta zeinuetan norabidearen arrastorik ikusten ez baduzu. Mapak hieroglifikoak zaizkizunean. Bidean topatzen dituzun pertsonei galdetzen ez dakizunean eta zaintzen zaituzten kameratan iparra erakusten ez dizutenean.

Itzalalditik hurbilago zaude erosoago bazaizu pertsonei begira baino emojiei begira egotea. Ahotsak baino, gif-ak nahiago badituzu. Mezuak edo irudiak bidaltzeari hitz egitea deitzen badiozu. Egunkariak irakurtzeko ere cookieak onartutakoan biluzten eta saltzen zaituztenean ere.

Itzalalditik hurbilago zaude merkataritza-guneko plastikozko zuhaitzek basoan sentiarazten bazaituzte. Barruan arnasten duzun aireak libre sentiarazten bazaitu. Bertan isiltasuna entzuten baduzu. Pertsona, eta ez kontsumitzaile, sentitzen bazara.

Itzalalditik hurbilago zaude korrika egitera edo txirringan ibiltzera autoz bazoaz. Horretarako hileroko kuota ordaindu behar baduzu eta lekutik mugitzen ez bazara. Txirringak inora eramaten ez bazaitu. Aurpegian haizea sentitzen ez baduzu.

Itzalalditik hurbilago zaude gailu bakar batean dirua, nortasun-agiria, osasun txartela, agenda, harremanak eta erosketa zerrenda dituzunean. Poltsikoan daramazun zelataria desagertuz gero, hutsik sentitzen bazara.

Itzalalditik hurbilago zaude hor egotearren behar dituzun horiek guztiak ordaintzeko sakrifikatu behar duzunean seme-alabekin, gurasoekin, lagunekin, zeure buruarekin... pasatu nahi duzun denbora. Maite dituzunen zaintza aurrera eramateko moduan zauden arren, ordaindu behar duzunean, horri eskaini beharreko denbora jada kontsumitu duzulako.

"Itzalaldia elektrikoa baino humanoa dela esango nuke. Jendarte desjabetua da mendebaldekoa. Desjabetua eta pobrea, baita espirituz ere. Egiten gaituen guztia deslokalizatu egin dugu, baina ez dakigu nora. Akzionistak nortzuk diren ez dakigu. Erosleak ere ezezagunak dira"

Itzalaldia elektrikoa baino humanoa dela esango nuke. Jendarte desjabetua da mendebaldekoa. Desjabetua eta pobrea, baita espirituz ere. Egiten gaituen guztia deslokalizatu egin dugu, baina ez dakigu nora. Akzionistak nortzuk diren ez dakigu. Erosleak ere ezezagunak dira.

Dena utzi dugu ezezagunen eskuetan, aurreikusten gaituzte. Eta bideratu puntu batera non, garen pertsona txikitu arren, jarraitzen dugun on eta off sakatzen. Ahaztu egin zaigu zaharrek esaten zuten hura, eta arrautza guztiak saski berean sartu ditugu: utikan beheko suak eta sukalde ekonomikoak, butanoa pobreena da, eta den-denak zikinak. Jada ez dugu egun batzuetarako janaria prestatzen, orain batch cooking egiten dugu. Etxea garbitzeak, baita maite ditugunen zaintzak ere, askatasuna kentzen omen digute. Askatasuna zertarako? Botoiak sakatzen jarraitzeko?

Ez dezala inork pentsa gure aiton-amonen garaia idealizatzen ari naizenik, inondik inora. Baina uste dut zuhurtzia eta sen ona ez direla gure garaiko ezaugarri nabarmenenak. Are gehiago, esango nuke ez garela asebete eta zoriontsu bizi, hipereletrifikatuta eta hiperteknologizatuta bizi arren, nahiz eta lurra eta bere biztanle guztiak gure menpeko izan.

Batzuen testosteronak eta lukurreriak agintzen dute gure bizitzetan.

Eta gu, mendebaldeko jendarte kapitalistaren parte garen heinean, otzan-otzan, txikitzen gaituen sistema osoa bertan behera uzteko lanean aritu beharrean, konformatzen gara on eta off sakatzeko aukera izatearekin, fede itsua diogu teknologiari, eta oinarrizko eskubideak pribilegioak direla sinetsi dugu. Horrek aske eta zoriontsu egingo bagintu bezala.

Oraindik ere piztualditik gerturatzeko moduan gaudelakoan, ongi izan, irakurle.