Itzal luzearen hutsune potoloa

  • Seaskatik hasita, Zumalabe eta Goenaga, ez zen edonor Joxemi.

    Urbieta kaleko euskaltzale eta abertzale senide bateko seme, Donostiako lehendabiziko ikastolan ezagutu zuen, haurretan, klandestinitatea. Aurrerago euskaraz ikasteko ez zutela eta, Santo Tomas Lizeoa egin zuten bere aitak, eta beste hainbatek, euren seme-alabentzat. Haiek ere bazuten meritua!


2013ko urtarrilaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Inaki Uria eta Josu Landa, Joxemi Zumalabe zenaren familiarekin (argazkia: Jon Urbe / Argazki Press)

Gaztetan, 60ko hamarkada bukaeran, euskal kantariei saioak antolatu, antzerkia egin, Zeruko Argian idatzi, ekintzaile politiko bihurtu, arkitektura ikasketak utzi, ETAn sartu, lantegi batera lanera joan, Langileen Komiteak-en parte hartu, lantegiz aldatu…

Zeruko Argian marrazkilari eta maketatzaile hasi eta euskal prentsaren zutabe nagusienak diseinatu eta eraiki zituen, marrazkilari fin eta arkitekto eder.

Argia eta Euskaldunon Egunkaria ditugu lekuko.

Argia-ri  eusteko enpresak sortu behar baziren, Apika informatika enpresa eta Antza inprimategia sortu zituen gurekin eta beste batzuekin.

Argia-k zabaltzeko euskalgintzaren beharra baldin bazuen, eta euskalgintza pattal baldin bazegoen, horretan murgilduko zen eta murgilduko ginen, beste batzuekin.

Euskaldunon Egunkaria sortzeko Egunkaria Sortzen martxan jarri behar bazen, ordura arte metatutako gaitasun pertsonal, enpresarial eta ondare guztia, mahai gainean jarriko zituen, genituen, egitasmoa errealitate bihurtzeko.

Paper zuria marrazki eder bihurtzen zuen trebeziaz lortzen zuen ideia, egitasmo eta egitasmoa errealitate bihurtzen.

Marrazkilari, kazetari, langile, enpresari, maketatzaile, diseinatzaile, militante… eta behar zena izango zen. Dohain handiak zituen eta apal-apal erabiltzen zituen.

Dohainen artean zuen jendea erakartzekoa. Bere pertsonaren bidez jende berria proiektu berrira atxikitzeko gaitasuna.

Oso jende ezberdina gainera. Egitasmo  ezberdinetan oso jende ezberdina jarri zuen martxan bere inguruan.

Arrazoituz konbentzituko zintuen. Eta ez bazuen lortu berriz ahaleginduko zen. Maitasunez.

Gogoan hartu, hau guztia, euskalgintza, herrigintza, enpresa, lana, politika… ondo pasatzen. Bizitzaz gozatuz. Lanaz gozatuz eta lagunak goxatuz.

Elkar ezagutzen ez dugun askok egin dugu eta egingo dugu topo Joxemiri esker.

Denok konpartitu genuen, denok bizi genuen eta denok aitortuko dugu proiekzio handia zuela hil zenean.

Itzal luzea utzi zuen egindakoetan eta argi handiagoa emango zukeen egin-gabe utzitakoetan.

Denok nabarmendu dugu bere itzal luzeak utzitako hutsune potoloa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude