argia.eus
INPRIMATU
Itza Zendea, AHTa, fotovoltaikoen eta goi-tentsioko bi linearen mehatxupean
  • Euskal Herri osoko herri txiki asko gogor ari dira nozitzen trantsizio klimatikora bideratutako azpiegitura ugarik dakarkien kaltea. Oraingoan, Itza udalerriko (Nafarroa) herritarrek horietako lau azpiegiturak nola eragiten dieten azaldu dute.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urriaren 05a

Itza Zendea Iruña eta Irurtzun artean dagoen kontzeju multzoa da, eta Gulibarreneko bailarako herriekin batera 1.200 bat biztanleko Itza udalerria osatzen dute. Beste herri txiki askotan moduan, energia trantsizioaren ondorioek haien izaera eta ingurunea gogor mehatxatzen dute. Iza Zendeako herritar talde batek mehatxu hori haien eremuan zertan gauzatzen den salatu du asteazken honetan Orderitzeko kontzejuan egindako agerraldian.

Batetik, abiadura handiko trena iragango da bertatik, eta 160 metroko zabalera duen trenbideak udalerria zatituko du. Horrez gain, 64.000 plaka fotovoltaiko lukeen eguzki planta eraikitzea aurreikusten dute. Azkenik, goi-tentsioko bi linea berri ere jasan beharko lituzke. 80 metroko garaiera izango luketen 30 dorre lirateke, eta horietako linea batek Zaragozan ekoitzitako elektrizitatea Gatikaraino (Bizkaia) eramateko balioko lukeela azaldu dute.

Gaur egun nekazari lurrak dira nagusi eremu horretan, eta haiei eragiteaz gain, Aldabako kontzejua izan daiteke kaltetuenetako bat, besteak beste han aberastasun handiko hariztia dagoelako, sasoi bateko basoetako azken arrastoa.

Alternatibak

Herritar taldearen ustez, ez da beharrezkoa hainbeste azpiegitura. AHTko ibilbide berria beharrean, oraingo trenbidearena baliatu beharko litzatekeela iritzi diote. Eta halako proiektu fotovoltaikoak egin aurretik, kalterik jasango ez dituzten eremuak okupatu beharko liratekeela uste dute, hala nola, teilatu eta industri eremuak. Energiaren eredu deszentralizatua aldarrikatzen dute, haiek herri osorako duten eguzki plakena gisakoa.

Azkenik, diotenez, goi-tentsioko bi linea berriak egin beharko balira, orain diren biak eraitsi beharko lirateke. Datorren larunbatean mendi ibilaldi informatiboa egingo dute inguruetan, 10:30etan Aldabatik aterata, eta proiektuon eraginen berri izan nahi duten inguruetako herritar guztiak animatu dituzte bertaratzera.

Galar Zendeako proiektu fotovoltaikoa

Galar Zendea Iruñerriko udalerria da, Iruñetik hegoaldera kokatua, eta Bahia de Plata Real Statek han eraiki nahi du 9.400 moduluko planta fotovoltaikoa, Fsfv Sadar izenekoa. Bertako udalak oraintsu aurkeztu ditu proiektuaren aurkako alegazioak, batez ere oinarrituta erabili nahi diren lurren nekazari balio handian eta paisaiaren balioan. Parke horrek, besteak beste, AHTren ibilbideak udalerrian eragindako zatiketa areagotu dezakeela ere arrazoitu du udalak, eta eraikuntza garaian Donejakue Bidea egiten dutenei eragingo liekeen kaltea ere aipatu du.