argia.eus
INPRIMATU
9 hilabeteko grebaren ostean Irun-Urnietako IATeko langileak itxialdi mugagabean
  • Lan hitzarmena sinatzeko helburuarekin lantegian itxi dira goizean Irungo eta Urnietako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) langileak.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 17a
Itxialdia hasi dute TUV Rheinlanden Urnietako lantegian gaur goizean.

Tuv Rheinlad enpresa alemaniarrak kudeatzen duen zerbitzuan lan egiten duten 30 lagun inguruk Urnietako egoitzan itxialdi mugagabea hasi dute astelehen goizean hitzarmen berria sinatzeko negoziazioak sustatzeko asmoz. 9 hilabete daramatzate greban, duela lau urte sinatutako lan baldintzen markoa berritzeko eskatuz. Enpresako zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela salatu dute.

Langileak 9:00etan iritsi dira Urnietako lantegira itxialdia hasteko asmoz. Ordurako Ertzaintza fabrikako sarreran zegoen, lantegiko nagusiarekin batera. Arazoak jarri dizkiete langileei, itxialdia egitera sartu ezin zirela esanez. Enpresa batzordea akordio batera iritsi da Ertzaintzarekin eta lantegiaren kanpoaldean jarri dira. Langileak eta batzordeko kideak baino ezin dira sartu lantegira.

12:00tan bi aldeak, enpresa batzordea eta zuzendaritza, elkartu dira negoziaketekin jarraitzeko. Batzordeko presidenteak hitzarmena sinatzen bada lanean jarriko direla baieztatu du.

Bihar ere bilera dute batzordekideek Eusko Jaurlaritzako Industria Zerbitzu saileko zuzendaritzarekin. Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua bertan izango da.

Informazio gehiago:

Giupuzkoako IATen grebak sei hilabete bete zituenean erreportajea eskaini genion astekarian: "Errebisioa behar duen zerbitzu publikoa".