“Itxasoren mundu hori zer den kontatu, eta jendea bertara hurbildu nahi dut”

  • Esperientzia zabala du Lorea Perez de Albenizek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1974) ikus-entzunezko munduan, zuzendari eta gidoilari lanetan aritu da proiektu ugaritan. Itsasoari begira ordea, osotasunean egin duen bere lehen ekoizpena da. Bertan, gaitz neurologiko ezezagun bat duen Itxaso eta bere familiakoen bizipen eta gogoetak biltzen ditu. Bilboko zinema ikusezinaren jaialdian aurkeztu berri du, eta orain Euskal Herritik kanpo zabaldu nahi du Itxasoren istorioa.


2015eko urriaren 22an - 11:24
Lorea Perez de Albeniz zuzendari elgoibartarraren lanak gaitz neurologiko ezezagun bat duen ume baten eta bere familiaren bizipenak biltzen ditu.

Zerk bultzatu zintuen Itxasoren eta Maierren istorioa kontatzera?

Itxasoren egoeraren inguruan nuen ezjakintasunak bultzatu ninduen. Koadrilakoa naiz, baina harreman estuagoa izan nuen arte ez nintzen ohartu zeinen gutxi ezagutzen nuen mundu hori. Itxaso eskolaz aldatu zenean kotxez eramaten nituen biak, eta bidai horietan jabetu nintzen nire ezjakintasunaz. Horregatik erabaki nuen dokumentala egitea. Azken finean ni hurbilekoa izanda gauza asko ezezagunak baditut, imajinatu horrelako egoerarik ezagutzen ez dutenek.

Zer dakar horrelako dokumental bat gertutasunetik lantzeak?

Esperientzia positiboa izan da. Maierrek, Itxasok, familiak eta lagunek dena eman dute dokumentalean, eta horrek asko lagundu du. Gauza asko ikasteko aukera ere eskaini dit. Hala ere, zailtasunak egon dira. Gaia dela eta erabaki batzuk hartzerakoan baldintzatuta zaude, ume hauei asko eragiten dielako ingurukoak, eta kontu handiarekin ibili behar da. Gainera, hurbilekoa izatean grabazioak bukatuta harremanak hor segitzen du, ez duzu atzean uzten.

Zer ikasi duzu, zerk harritu zaitu?

Horrelako egoera baten aurrean pertsona batek sentitu ahal duena edo duen jokatzeko modua zeinen ezberdina den, eta aukera denak ulergarriak direla jabetzea ikasi dut. Heterogeneoak gara, batzuk erantzuteko gai dira, aurrera egiteko. Beste batzuk ordea, atzean geratzen dira, beldurtu egiten dira. Aberastasun guzti hori ikusten laguntzen du dokumentalak. Niri lagundu dit.

Dokumentala datu eta azalpenetatik harago, gogoeta, sentimendu eta bizipenetan oinarritzen da. Esperientziak biltzea al zen zure helburua?

Itxasoren mundu hori zer den kontatu, eta jendea mundu horretara hurbildu nahi dut. Jendea identifikatuta sentitzea, konturatzea ez dela drama bat eta normaltasunez jokatu daitekeela. Hau da, sentitu dezakeguna normala dela, filmean ikusten den bezala.

Gogoeta eta bizipenak batzerako orduan, erraza izan al da protagonistengan gerturatzea, euren sentimenduak azaleraztea?

Nahiko erraza izan da. Oso lantalde txikia aritzen ginen, eta grabaketetara beti berdinak joaten ginen. Denok ezagutzen genuen familia. Horregatik harremana oso gertukoa izan da, eta giro oso berezia sortu zen grabaketetan. Asko zabaldu ziren guztiak. Gero dokumentala ikusterakoan asko harritu egin dira esandakoez. Anekdota bezala, Itxasoren birramonak kontatu zigun ezkutuan gozokiak ematen zizkiola Itxasori, nahiz eta azukrea debekatuta izan. Familian inork ez zekien ezer ere horretaz.  Itxasoren amak lehen aldiz ikusi zuenean barrez lehertu zen.

Dokumentalaren izenburuak, Itsasoari begira, zer adierazi nahi du?

Gogoetaren ideiatik abiatzen da. Itsasoa ikustean denok gogoeta egiten dugun bezala, Itxaso bezalako haur bat ikustean berdin jokatzen dugu, nahiz eta gero ez dugun inorekin partekatzen. Itxaso ikusteak pentsarazi egiten dizu: zer pasatuko da bere burutik, zergatik jokatuko dut era horretan, zer beldur dauzkat… Hitz jokoa ere bada Itxaso eta itsasoren artean.

Zenbat denbora iraun du dokumentalaren ekoizpenak?

Grabaketak dezente iraun du, finantzaketarekin arazoak izan genituelako. Eusko Jaurlaritzak bi diru laguntzatik bat eman zigun, eta jendeak lanaren zati bat kobratu gabe egin du. Crowdfounding kanpaina bat ere abiatu genuen, eta jendeak borondate izugarria erakutsi du proiektua aurrera ateratzeko. Azken finean, gure helburua proiektua ezagutzera ematea zen, eta ez du helburu komertzialik. Tarte horretan, Itxaso bera ere hazi egin da. Proiektua abiatu genuenean 12 urte zituen, grabatzen hasi ginenean berriz 14 eta orain 17 urte dauzka.

Dagoeneko aurkeztu duzue dokumentala zenbait aretotan. Zelako harrera izan du?

Oso ona. Bukatzen denean askok komentatu digute dokumentala ikustean tristura eragingo ziela uste zutela, baina aretotik irteterakoan justu kontrakoa gertatu zaiela. Guretzat izugarria da, hori baita dokumentalaren helburua. Askotan ordea, film bat egiten duzunean ez zaude ziur jendeak nola erreakzionatuko duen.

Nola bizi duzue Bilboko Film Sozialak zinema ikusezinaren jaialdian aurkeztea zuen dokumentala?

Guretzat izugarria da, batez ere dokumentala zabaltzeko aukera ematen digulako. Itsasoari begira euskarazko dokumental onenaren sarirako hautatu dute, eta niri emakume zuzendari onenaren sarirako. Jaialdi baten parte hartzea, eta sari baterako hautatua egoteak beste jende batengana iristeko aukera ematen dizu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude