argia.eus
INPRIMATU
Itxaso Zalduaren atxiloketa salatu du Aministiaren Aldeko Mugimenduak
  • Preso ohiaren atxiloketa, “lehenago izandako beste batzuk bezala, estatuek Euskal Herria umiliatu nahi dutela erakusten du”, adierazi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 21

Mugimenduak ohar bidez azaldu duenez, “militantzia eredu jakin baten aurkako bizi osorako espetxe zigorren bitartez borrokara batzen diren belaunaldi berriak kikildu nahi dituzte”. Gehitu dute ez dela bakerik izango “gatazkaren oinarrian dauden arrazoiak konpontzen eta gatazka horren eraginez errepresaliatutako militante guztiak libre egon arte”.

ETAk jarduera amaitu zuen arren, errepresioa jasaten duen herri zapaldua izaten jarraitzen du Euskal Herriak, Mugimenduaren hitzetan, “estatuek eta euren morroiek egunerokoan inposatzen baitigute biolentzia estrukturala. Kolpatzen, atxilotzen, torturatzen eta espetxeratzen gaituen biolentzia hain zuzen ere, heriotzara eramaten ez gaituenean”.

Benetako bakea lortzeko, “amnistia osoa, preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen baldintzarik gabeko askatasuna, indar okupatzaileen kanporaketa eta hainbeste pertsona borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzea” beharrezkoa dela uste du Mugimenduak.