argia.eus
INPRIMATU
Itxaso Zaldua euskal preso hernaniarra aske geratu da
  • 2020tik behin behinean preso zegoen Itxaso Zaldua, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak asteartean kaleratutako autoak bertan behera utzi du bere kontrako kartzelaratze agindua. ETAk 2001ean PPko Aragoiko presidente Manuel Gímenez Abad hil zuen atentatuarekin zerikusia izatea egotzita atxilotu zuten.

2023ko uztailaren 19a
Itxaso Zalduak 2017an aske geratu zenean herritar ugarik eman zion ongi etorria Hernanin. Argazkia: Hernaniko Kronika

Itxaso Zaldua euskal preso politiko hernaniarra kalean da, azken hiru urteak behin behineko espetxealdian igaro ondoren. Zaldua 2005etik 2017ra arte egon zen preso Frantziako Estatuko kartzeletan eta 2017an itzuli zen Euskal Herrira.

2020ko uztailean CAF lantegiko bere lanpostura zihoala atxilotu zuten kalez jantzitako espainiako poliziek eta espetxean sartu zuten berriro, PPko Aragoiko presidentearen kontra ETAk 2001ean egindako atentatu hilgarriarekin zerikusia izatea leporatzen zioten, Mikel Karrerarekin batera. 2022an behin behineko espetxealdia berritzea erabaki zuen epaimahaiak.

Astearte honetan, baina, epaiketa ondoren Auzitegi Nazionalak autoa kaleratu du eta bere espetxeratzea berritzeko agindua indargabetu du. Karrerak, aldiz, espetxean jarraituko du.

Zalduak eta Karrerak ukatu egin dute duela bi hamarkada baino gehiago ekintza hartan parte hartu zutenik. Naiz-ek azaldu duenez, fiskaltza eta akusazio partikularra Guardia Zibilaren txosten batean eta lekuko batzuen baieztapenetan oinarritzen dira soilik, hogei urte baino gehiago igaro badira ere.

Gorka Loran eta Garikoitz Arruarte baldintzapean aske

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, beste bi euskal preso hernaniar ere aske geratu dira asteartean: 2003ko abenduaren 24an atxilotu eta ia hogei urteko zigorra jaso duten Gari Arruarte eta Gorka Loran baldintzapean aske utzi ditu epaileak.

Urte luzetan Almerian eta Algecirasen espetxean izan ostean, Euskal Herrira gerturatu zituzten duela bi urte eta 2022tik hirugarren graduan zeuden Arruarte eta Loran.