Aurrez adierazitakoa baino egun bat geroago abiatu dira bilerak Istanbulen; Zelenski, Putin eta Trump gabe. Errusiari “behe mailako” delegazioa bidaltzea leporatu diote.
Hiru urte eta gero, bake negoziazioak bueltan dira. Istanbulen ez dira han egongo, ordea, ez Vladimir Putin Errusiako presidentea ez Volodimir Zelenski Ukrainakoa. Bilera ugari daude aurreikusita ostiralerako, eta parte hartuko duten aldeak ere anitzak dira: Ukraina eta Errusiaz gain, Turkia eta AEBak ere han izango dira. Aurreikusitakoa baino egun bat geroago hasi dute bilera. Hutsune nabarmenekin eta itxaropen txikiarekin abiatu dute eguna, nazioarteko iturriek diotenez: “Ez da ezer gertatuko nik Putinekin berba egin arte”, laburbildu du egoera Donald Trump AEBetako presidenteak, bera ere Turkiatik urrun.
Lehen bilera erronda hasia dute ostiralean, Turkiaren, AEBen eta Ukrainaren artean. Ez da bide erraza izan bilerok lotzekoa, ezta polemikarik gabea ere. 2022ko martxotik horrelakorik egin gabe zeuden, eta oraingoa gauzatzeko oztoporik ez da falta izan: Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak eta Poloniak presioa eragin eta su-etena exijitu zioten Putini; honek, aldiz, horri uko egin eta ostegunean egin behar zen bilera proposatu zuen.
Zelenskik erantzun, bera bertaratuko zela, eta azken momentura arte ez zuen jakin bere homonimoa bertan izango zen edo ez: asteazken iluntzean jakinarazi zuen Errusiako Gobernuak euren ordezkarien zerrenda, eta Zelenskik salatu zuen “erabakiak hartzeko gaitasuna duen” inor ez dagoela euren artean. NATOko idazkari Mark Ruttek ere aurpegiratu dio Putini “behe mailako delegazioa” bidali izana. Errusiako delegazioko buru Vladimir Medinskik erantzun die Zelenskiri eta Rutteri delegazioak “erabakiak hartzeko boterea” duela. Egoera horrela, bilera errondak martxan jarraitu du.
Eguneko bigarren bileran izango da Errusiako ordezkaritza. Bertan izango dira Turkiako Gobernuko Kanpo Harremanetako ministro Hakan Fidan, Ukrainako Gobernuko Defentsa ministro eta negoziatzaile Rustem Umerov eta Putinen aholkulari Vladimir Medinski. Bilera horretan “deseskaladara bidean lehen pausoak” eskatuko ditu Umerovek, su-etena. Errusiarentzat, ostera, bilerok “2022ko negoziazioen jarraipena” izango dira.
Bertatik bertara jarraituko ditu bilerak AEBetako Estatu Idazkari Marco Rubiok. Istanbulen dago Rubio; are, goizeko lehen bileran ere izan da, Turkiako Kanpo Harremanetako ministro Hakan Fidan eta Ukrainako delegazioko kideekin batera. Egunari buruz galdetuta, zera erantzun die kazetariei: "Ez dugu esperantza handirik" .