argia.eus
INPRIMATU
Itxaron zerrendak handitu egin dira Osasunbidean, CGTk ohartarazi duenez
  • Osasunbideako itxaron zerrendetan, abuztuko datuak uztailekoak baino okerragoak direla, espezialitateen lehen kontsulta egiteko epea luzatu dela eta Nafarroako Gobernuak egoera hau normalizatu nahi duela salatu dute CGT sindikatuko kideek.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 20a

2019an itxaron zerrendetarako plan integral bat iragartzetik 2022an itxaronaldi kirugikoa onargarria dela adieraztera pasa da Nafarroako Gobernua, CGTko Ruben Oneca eta Mikel Saralegik Ahotsa.info-k argitaratutako idatzi batean adierazi dutenez. Itxaron zerrendetako kopuruak gora jarraitzen duela eta osasungintzan bizi duten errealitatearen arrazoia aurreikuspen eta inbertsio falta dela gehitu dute. Baina Maria Chivite presidenteak “pandemiaren komodina” aipatzen duela diote, “arazo honek sustraiak aspaldian ez balitu bezala”.

“Lotsagabeki sare pribatua finantzatzen jarraitzen dugu”

Administraziotik sare pribatuari ematen zaion “tratu eskuzabalak” sektore pribatua indartzen eta publikoa kaltetzen duela ere nabarmendu dute Oneca eta Saralegik. “Medikuntzako profesionalen falta etengabe aipatzen den bitartean, lotsagabeki sare pribatua finantzatzen jarraitzen dugu eta sektore pribatuak gero eta mediku gehiago harrapatzen du”.

Dirua arlo pribatura bideratu beharrean, osasun publikoan inbertitzeko deia egin dute, “ditugun osasun-azpiegituren errendimendua optimizatzeko: ebakuntza-gelak, kontsultak, proba diagnostikoak”.

2021eko Memoria aurkeztu dute

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Osasunbideari lotutako 2021eko Memoria aurkeztu du eta bestelako irakurketa egin du: iaz “ohiko aktibitatearen zati handi bat berreskuratu” zuela dio Memoriak, “nahiz eta pandemiaren eragina presente egon oraindik”. Zortzi milioi artatze baino gehiago egin zituen iaz Nafarroako osasungintza publikoak.

Datuak pandemia aurreko kopuruetara gerturatzen direla dio Gobernuak, eta joerak “berreskuratze garbia” erakusten duela. Artatzeez gain, ospitaleratzeek ere gora egin zuten 2021ean, aurreko urtearekin alderatuta.

“2021. urtea, 2020a bezalatsu, oso konplikatua izan zen osasungintzaren ikuspegitik. Covid-19ari lotutako olatuek sektorea bere osotasunean kaltetzen jarraitu zuten, bai lehen arreta, bai arreta espezializatua”, azpimarratu du Memoriak.