argia.eus
INPRIMATU
Itunpeko ikastetxe baten matrikulazio prozesuan irregulartasunak salatu dituzte
  • Ikasle berriak onartzeko orduan “itunpeko ikastetxe batzuen artean ohiko bihurtzen” ari den jokabidea salatu du Steilas sindikatuak, “administrazioak bide” ematen diela aprobetxatuz. Horren adibide jarri dute Ordiziako Jakintza ikastola, matrikulazio prozesuan irregulartasunak izan direla nabarmenduz.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 06a

Steilasek kontatu duenez, ikasturte honetarako, Haur Hezkuntzako 3 urteko mailan planifikatutakoa baino 11 ikasle gehiagoren eskaera jaso zuen Jakintza ikastolak. Araudiari jarraituz, 11 ikasle horiek Lazkaoko San Benito ikastolara bideratuak behar zuten izan. Orain, ordea, sindikatuak dio zituen susmoak baieztatu dituela eta jakin dutela azkenean Ordiziako ikastolan matrikulatu zituztela 11 haur horiek. “Honen guztiaren ondorioz, datorren ikasturterako Haur Hezkuntzako 4 urteko gela berri bat ituntzeko eskaera egin dute eta lurralde batzordeak, behin behinekoz, baiezko erantzuna eman die”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren “politika pribatizatzailea irmoki” salatu du sindikatuak, eta iragarri du bide judizialak abiatuko dituela.