argia.eus
INPRIMATU
Itunpeko eskoletako patronalen eta langileen arteko gatazka “blokeo” egoeran EAEn
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 05a
Hitzarmen kolektiboaren aldeko irakasleen protesta. (Arg: Fernando Aldama)

Bi arrazoi nagusiengatik mantentzen dute tira-bira: soldaten murrizketarengatik eta hitzarmen kolektiboarengatik.

Bi patronalek –Kristau Eskola eta AICE (Ikasketa Zentroen Elkarte Independentea)– eta itunpeko hezkuntzan aritzen diren bost sindikatuek –CCOO, UGT, ELA, LAB eta STEE-EILAS– ez dute akordiorik erdiesten; “blokeo” egoeran daudela salatu dute.

Eztabaida mahaia osatzen saiatu dira, baina aurtengo uztailaren 5ean bertan behar utzi dute, desadostasunak direla medio.

Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek esan du “neurriz gaindiko mugiezintasuna”  duela liskarrak. Era berean, sindikatuen kontra jo du: “Sindikatuek burbuila batean bizi nahi dute; denok pairatzen dugu krisia, baina haiek ez dute nahi”.

Sindikatuek ere “gaizki” ikusten dute egoera. CCOOko Hezkuntza Saileko arduradun Pablo Garciak esan du ez duela ikusten “ezer” konpontzen ari denik.

Bi konponbide aipatzen dituzte patronalek eta sindikatuek: patronalek, %3 inguru jaitsi nahi dute irakasleen soldata; langileek, negozioazio mahaiarekin jarraitu nahi dute eta estatu mailako hitzarmen kolektiboari uko egiten diote.

Espaniako murrizketek sortutako gatazka

2010ean funtzionarioen soldata %5 murriztea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Itunpeko eskoletako patronalek bertako irakasleei ere ezarri zieten neurria. Epaitegietara jo zuten langileek, ez zitzaielako zilegia iruditzen jaitsiera beraiei ere ezartzea. Azkenean, Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien. Hala, orain kendutako dirua bueltatu behar diete eskolek, baina ez diete ematen.

Hitzarmen kolektiboa, bertan behera

Aurtengo uztailean bukatu zitzaien itunpeko zentroetako irakasleei hitzarmena. Geroztik, akordio berri bat hitzartu nahian ibili dira patronalekin, baina ez dute lortu.

Rajoyren Gobernuaren lan erreformak kontratuen ultraaktibitatea eten zuen; alegia, behin hitzarmen kolektiboa bukatu ostean, urtebete baino ez dute langileek hitzarmen berri bat egiteko. Bestela, estatu mailako sektoreko kontratuak aplikatuko zaizkie.

Kristau Eskolako Ormazabalek nabarmendu du eskoletako langileek ez dietela estatu mailako neurria aplikatuko. Dioenez, “sindikatuek errealitatean oinarritzen ez diren beldur asko jarri dituzte mahaiaren gainean”. Sindikatuak, ordea, ez dira fio.

Estatu mailako baldintzak ezarriz gero, %33 gutxituko liekete soldata.

Protestak, martxan

Irakasleek hainbat mobilizazio egin dituzte: abuztuaren 26ko greba eta irailaren 22ko eta 24ko lanuzteak. Egoera konpondu ezean, protesta gehiago iragarri dituzte.