argia.eus
INPRIMATU
Itsasoko urak, inoiz baino beroago mundu osoan
  • Itsasoko ura azken 45 urteetako beroena da, apirilaren hasieran neurtutakoaren arabera. Estatuko Meteorologia Agentziako bozeramaileak esan du `La Niña´ fenomenoaren amaieraren ondorioz gertatu dela, eta alderantzizko efektua eragiten duen `El Niño´ fenomenoa sortzen ari dela.

     

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 11
Epeltasunaren nagusitasunaren banaketa mundu mailan. Argazkia: Climate Reanalyzer.

Azken hamarkadetako goranzko berotze joeran, aste honetan gainazaleko tenperaturaren 21gradu zentrigraduko muga gainditu da mundu osoan, meteorologoak jakitera eman duenez.

Itsas ur beroena da azken 45 urteetan, satelite bidezko neurketak egiten direnetik. Berotegi efektua eragiten duten gasek eragindako berotze globalaren eta `La Niña´ fenomenoaren amaieraren arteko nahasteak kezka eragin du. 

Rubén del Campo Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziako bozeramaileak azaldu duenez, "`La Niña´ egon da azken urteotan planetaren beroketa ezkutatzen".

La Niña fenomenoaren amaiera

`La Niña´Ozeano Bareko gainazaleko uraren hozte ziklikoa da. Fenomenoaren aldi batean,  itsasoaren gainazalaren tenperatura normalean baino 3-5 gradu hotzagoa izaten da. Beraz, CO2 isurtzean sortutako zarakar gaseosoa hazten ari zen eta beroa harrapatzen zuen bitartean, `La Niña´k Pazifikoaren azala freskatzen zuen.

Baina fenomenoa amaitu egin da eta Lurra alderantzizko egoerara igarotzeko fasean dago. `El Niño´ sortzen ari da, eta ura berotzen ari da. “Pronostikoek adierazten dute `El Niño´ udaren ondoren irits daitekeela”, esan du Rubén del Campo meteorologoak El Diarioren arabera.