Azken 40 urtetako datuekin egindako ikerketa erraldoi baten arabera, "alferrikakoa" litzateke zikindutakoa garbitzea, plastikoen produkzioak oraingo erritmoan jarraitzen badu.
“Ez du aurrekaririk”. Halaxe deskribatu du plastikoek itsasoetan eragindako kutsaduraren egoera Marcus Eriksen ikerlariak. AEBetako Kaliforniako 5 Gyres institutuaren sortzaileetakoa, beste hainbat lankiderekin ikerketa erraldoi baten emaitzak plazaratu dituzte PLoS One aldizkari zientifikoan.
1979 eta 2019 urteen artean plastikoen kutsadura itsaso eta ozeanoetan nola hazi den aztertu dute, horretarako 11.777 kontrolerako estaziotako datuak erabili dituzte. Inoiz egin den ikerketarik handiena da, eta emaitzak oso kezkagarriak: gaur egun 170 bilioi plastiko partikula dabil igeri ur azalean, pertsona 21.000 partikula kutsagarri. Eta hori kontuan izan gabe itsaso sakonean egon daitekeen zaborra.
Erkisenek azaldu duenez, 1990. urtera arte ez da hazkunde nabarmenik sumatzen egin dituzten estrapolazioetan; 1990etik 2005era gorabeherak daude; baina 2005etik aurrera, kutsadura horren hazkunde oso azkarra antzeman daiteke.
“Mikroplastikoen hazkunde esponentzial hori abisu garbi bat da; orain egin behar dugu zerbait maila globalean: garbiketan eta birziklatzean zentratu beharrean, hasi behar dugu ardura hartzen produzitzen dugunaren bizitza osoaren gain”, halaxe jaso ditu Eriksenen hitzak The Guardian egunkariak.
Bere ustez, itsasoak garbitzea “alferrikakoa” litzateke, jarraitzen badugu gaur egungo erritmoan plastikoak produzitzen, eta arazoari “jatorrian” heldu behar zaio: “Luze entzun dugu birziklatzeaz, baina plastikoaren industriak birziklaturiko materialak erosteko edo birziklagarriak diren produktuak diseinatzeko konpromisoari uko egin dio”.
Eta 2040an… 2,6 bider plastiko gehiago
Ikerketaren arabera, horrela jarraituz gero 2016. eta 2040. urteen artean itsasoan dauden plastiko pusken kopurua 2,6 bider handiagoa izango da.
“Mikroplastikoen hazkunde esponentzial hori abisu garbi bat da: zerbait egin behar dugu maila globalean, orain"
Hain justu, datorren maiatzean Nazio Batuen Erakundeko herrialde kideek gobernuarteko bilkura egingo dute Parisen, plastikoen itsasoko kutsaduraren gaiaz erabakiak hartzeko. AEBek jadanik aurreratu dute ez dutela plastikoen produkzioa legez mugatzeko asmorik, eta produktu nahiz diseinu birziklagarrietan jarriko dutela arreta.
Duela egun gutxi NBEko herrialdeek akordio “historikoa” iragarri zuten ozeanoen biodibertsitatea babesteko; hedabide ugaritako lerro-burutan irakurri eta entzun ahal izan genuen.
Haatik, Lurraren zati handiena gizakion zaborretatik garbi mantentzeko, gizakion kontsumo eta produkzio eredua jatorrian aldatu beharraz ez zen ezer adostu. Eta ingurumenaren aldeko mugimenduek gogorarazi ohi duten moduan, itsasoa etxeko harraskan hasten da.