argia.eus
INPRIMATU
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko
Udane Barinagarrementeria Laka 2025eko irailaren 06a
Udane Barinagarrementeria Laka

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera gorriak, hondartza hutsak, xirak eta aterkiak ikusten dira Deban. Abuztuaren hondarreko iluntze honetan txiringitoen eguzkitakoen azpian hartu du jendeak aterpea. Ondargaineko toldoak ozta-ozta eusten dio gaineko euri pilatuari, azpian dituen bafleak, mikroak, gitarrak eta mahaia estaltzeko. Gitarrez gaindi, harro-harro apurtzen diren olatuak ikus daitezke toldopetik. Eta atrezzoaren ederra ez litzateke hori besterik, gaurkoan musikariek egindako heldueraren berezitasunagatik ez balitz.

Izan ere, Paxkal Irigoyen eta Jurgi Ekiza belaontzian heldu dira goiz honetan Mutrikura, ia olatuak gainetik pasatzen zaizkiela. Kapitain bat gidari, Itsasun hasita Potenvedraraino eta buelta, etxera bidean azken aurreko geldialdia dute gaurkoa, Bira belaontzian/ Xira en veleiro izendatu duten zortzi kontzertuko proposamen ero samar baten baitan. Aski poesia eta magia bada jadanik bi musikarien proiektu indibidualetan, pentsa itsasbidaia batek batu eta elkar-elikatzean, ia oholtzaraino heltzen den itsasertzak egiten duen konpainian, atzealdean murrua joz apurtzen diren olatuen presentzian eta goibeldutako zeru azpian.

Espero zitekeenez, deskribatutako paisaiari ezarri dioten soinu-bandak ere hunkituta utzi gaitu, bien bakarkako proiektu zahar zein berrietatik egindako hamabi kanturen hautaketa xehearekin. Ia hamarkada bat lehenago kaleratutako abesti zenbaitzuk biziberritu dituzte, tartean Kontsumo Produkto (Irigoyen, 2017) eta bH036-DG (Ekiza, 2016) diskoetik erreskatatuak. Baita Ekizak biharamunez kaleratuko duen Argitzala laneko aurrerapen kantu bat ere -hau irakurtzen duzunerako sareetan entzungai egongo da-. Hala, bestelako itsasbidaia batzuen oihartzunak ere ekarri dizkigute: ontziak, kanoiak, itsaso gorri baten gainean eta keen atzean ez da lurrik ikusten olatu ezin isilduen ibilbidean. Gehien-gehien harrapatu nautenak, baina, Irigoyenen Xak proiektuko abestiak izan dira. Zuzenean entzun aurretik ere udan zehar ia obsesiboki akonpainatu nautenak. Tristeak, xamurrak, zuzenean eta paisaia horretan are ederrago bihurtu direnak. Edonola ere, eserita ziren oinak dantzan jarri eta gogoz kantatu eta txalotu direnak Willis Drummonden hitak izan dira. Eta amaiera borobiltzeko, klasiko baten bertsio bat, beste itsasertz baterantz: Gaza Calling.

Autora bueltan, lasaitzeko asmorik ez duela diosku itsasoak, xahutzen ez den inspirazio-iturri izaten jarraitzen duela berretsi nahian bezala; izan intimitatearen loihak biluzteko, izan indarkeria koloniala salatzeko. Dirudienez, belaontziko kapitainak izango du lanik etxera heldu artean. Helduko ote dira, biharamunez ere segi dezaten bertaratutakoei barrenak epeltzen. Eta, aldi berean, halabeharrak bultzatutako itsasbidaien eta bizitza suntsitzen ari diren itsasbazterren gordinak poesiaz kantatzen.