Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu igande goizaldean, Kanaria Handitik 429 kilometrora jitoan zebilen txalupa batetik. Itsas Salbamenduak esandakoaren arabera, erreskatatutako pertsona guztiak, haien artean gizonak, emakumeak eta adin txikikoak, Sahara hegoaldekoak dira. Lehorreratzen direnean ezagutuko dute zein den haien egoera.
Larunbat goizean, merkataritza arloko Teos itsasontziak noraezean ikusi zuen txalupa bat, motorrik gabe eta egoera prekarioan, jende askorekin. Soka bat lotu zion, eta gehiagorik egitea arriskutsua izan zitekeela ikusita, Itsas Salbamentuko zentralera deitu zuen egoera kontatzeko. Kanaria Handitik 429 kilometrotara zeuden.
Espainiako eta Marokoko Estatuen bilaketa eta erreskate eremuan zegoen ontzia. Marokok esan zuen ez zela bere bila joango, eta azkenean Espainiako Las Palmaseko itsasontzi bat joan zen 236 pertsonaren erreskatera.
Abuztuaren 12an izan zen pertsona migratzaileen azkenengo erreskatea, Lanzarote eta Kanaria Handian 67 pertsona erreskatatu baitzituzten egun horretan.