argia.eus
INPRIMATU
Salviniren politika xenofoboak
Italiako Justiziak arrazoia eman dio errefuxiatuak erreskatatu zituen Carola Racketeri
Maria Ortega Zubiate 2020ko otsailaren 21
Argazkia: Sea Watch

48 orduz egon zen Sea Watch 3 itsasontzia porturatzeko zain. Italiako uretan, baina porturatzeko baimenik gabe, itsasontziko egoera okertzen zihoan. Bi migratzaile ebakuatu egin behar izan zituzten gaixorik zeudelako, eta gainontzekoek uretara salto egingo zutela zioten, laguntzarik heldu ezean. “Carolak ez zuen beste aukerarik”, zioen Giorgia Linardi Sea Watch Italia GKEko bozeramaileak.

Kapitainari “legez kanpoko immigrazioa sustatzea" leporatu zioten. Legez kanpoko porturatzearen ondorioz "gerrako ontzien aurkako erresistentzia eta Poliziaren lantxen aurkako abordatze-saiakera" ere leporatu zizkioten, porturatzean talka egin baitzuen horietako batekin. Hau da, 5 eta 12 urte bitarteko kartzela-zigorra izan litekeena.

Handik hiru egunera, ordea, aske utzi zuten. Matteo Salvini, Italiako barne ministro ohiak, haserre erantzun zuen, eta kapitaina bere jaioterrira, Alemaniara itzultzeko egin beharreko guztiak egingo zituela adierazi zuen. Izan ere, Carola Rackete “segurtasun nazionalerako arrisku bat” bezala definitu zuen.

Zazpi hilabeteren ostean, aske

Otsailean izan du epaiketa kapitainak, eta epaileak delitu guztiak ezetsi ditu, itsasoko "sorospen betebeharra" nagusitzen dela argudiatuz. Kapitainaren jokaera justifikatu du epaileak, itsasoko bigilantzia lanetan dabiltzan horiek ere "sorospen betebeharra" lehenetsi behar dela dakitela argudiatuz.