argia.eus
INPRIMATU
Italiako mafia ikertzen ari den kazetari bati eraso egin diote kamera aurrean
  • Sudurra hautsi diote RAI 2 telebista publikoko kazetari Daniele Piervincenziri, Erromako Ostia auzoko "Spada” klanak CasaPound talde faxistarekin dituen harremanei buruzko elkarrizketa bat egiten ari zela.

Axier Lopez @axierL 2017ko azaroaren 17a

Erromako Ostia auzoko Spada izeneko klanak CasaPound talde faxistarekin loturak dituela zabaldu dute hainbat hedabidek. RAI 2 telebista publikoko Daniele Piervincenzi kazetaria lotura horretaz galdetu dio familia horretako kide Roberto Spadari. Orduan gertatu da erasoa, Euronews-ek zabaldu duen bideoan ikus daitekeenez.

Kazetariaren azken galderari burukada batekin erantzun dio Spadak, egun argiz eta telebista publikoaren kamera aurrean zuela. Ondoren, kazetaria –sudurra hautsita duela– eta Edoardo Anselmi kameralaria korrika alde egiten saiatu dira, baina Spadak, eskuan makila hartuta, atzetik eraso egiten jarraitu zuen.

Spadak ondorengoa adierazi du Facebooken erasoa justifikatzeko: “Ordu eta erdiz ‘ez dut elkarrizketarik eman nahi’ esaka aritu ostean, bazkideentzat bakarrik irekita dagoen elkarte batera indarrez sartu zen kazetaria, bilera bat eten eta nire semea beldurtuz. Zuk, zer egingo zenukeen, ba?”.

Roberto Spadaren anaia 10 urteko espetxe zigorra betetzen ari da estortsioa egiteagatik, bide mafiosoak erabiliz.

Mafia eta ultraeskuina

“Ostia klanen menpeko lurralde bilakatu da, Corleoneren garaietan bezala”, salatu du Roberto Saviano kazetariak eta Gomorra liburu entzutetsuaren egileak. “Ostia mafiaren menpe dago, larderia, estortsioa eta diru zuriketaren lurraldea da”.

Erromako Ostia barrutian egindako azken hauteskundeetan Casapound talde neofaxistak bozen %9a lortu zuen eta alarma guztiak piztu zituen. Izan ere, Parlamentura aurkeztu eta ordezkaritza politikoa lortzeko asmoa adierazi dute.