Jerusalemen hasiko da 101. Italiako Giroa. Hasiera batean antolakuntzak hiriaren ekialde okupatua eta mendebaldea bereizi bazituen ere, Israelen presioen ostean, hala ez egitea erabaki du.
Maiatzaren 4an abiatuko da Italiako Giroa Jerusalemgo kaleetan barrena. 101. edizioa du aurtengoa eta lehenengo aldiz Europatik kanpo hasiko da lehiaketa, “munduari lasterketaren berri emateko helburuarekin”. Joan den irailean aurkeztu zuten Israelgo agintariekin batera.
Hasiera batean, lasterketaren antolakuntzak kaleratutako kartel eta bideoetan zehaztu zuten 2017ko Giroa Jerusalem mendebaldetik hasiko zela. Argi utziz, Israelek 1967an indarrez okupatutako Jerusalem ekialdea eta mendebaldea ez direla berdinak.
Erabaki horrek, ordea, haserretu egin zituen Israelgo agintariak eta hauek lasterketari ez laguntzearekin mehatxu egin zuten. Antolakuntzak men egin eta Jerusalem ekialde eta mendebaldea ez bereiztea erabaki du orain.
Lurralde okupatua
Israelek Jerusalem banatu ezin den hiritzat du, 1967an Sei Eguneko gerran okupatu eta 1980an elkartu zituenetik. Nazioarteko komunitateak ez du onartzen ekialdeko Jerusalem Israelen menpe egotea, lur okupatu gisa izendatuta dago. Palestinarrek Jerusalem, Al-Quds arabieraz, Palestinako hiriburutzat dute.
Giza Eskubideen aldeko 120 elkartek gutun bat sinatu berri dute, Italiako Giroa ez dadila Jerusalemen hasi eskatzeko, Israeli, “nazioarteko zuzenbidea ez betetzea eta palestinarren giza eskubideak ez errespetatzea” egotzi diote. Okupazio militarra ez dezatela normalizatu eskatu dute sinatzaileek. Ikusteko dago maiatzaren 4ean zer egingo duten Italiako Giroaren jarraitzaileek antolakuntzaren erabakiaren aurrean.